Sindikatuek irakaskuntzako greba egunaren balorazio positiboa egin dute
FSU, CFDT, CGT, UNSA eta LAB sindikatuek atzorako deituriko manifestazioak hirurehun bat lagun elkartu zituen. Greba egunari dagokionez, datuak kontrajarriak ziren; Paueko akademia ikuskaritzak eta Seaskak ekimena «arras gutxi» jarraitua izan zela esan zuten. Sindikatuak, berriz, baikor agertu ziren mobilizazioarekin.
|
BAIONA
Goizeko hamaika eta erdietan abiatu zen atzo bost sindikatuk bateraturik irakaskuntzaren defentsarako antolaturiko manifestazioa. “Hezkuntza-Formakuntza, enplegu publikoa sortu” eskaera nagusia egiten zuen FSU, UNSA, CFDT eta CGT sindikatuen desfilearen aurreko pankartak.LABek, berriz, «kalitatezko hezkuntzaren» aldeko deia zabaldu zuen. Bi pankarta nagusi horiekin, euskarazko irakasleek beren kartela eraman zuten desfilera; «euskarazko postuak: hemen sortu, hemen kendu baina ez emendatu! Hizkuntza ikasteko hori dea aterabidea?», zioen. Manifestazioa Lan Poltsatik ordu erdiko atzerapenarekin atera zen, eta herriko etxera arte joan ziren, bertan aldarrikapenak zabaltzeko. Halere, atzoko manifestazioak bi eskaera nagusi zituen. Estatu frantsesean bultzaturiko kalitatezko eta berdintasun hezkuntzaren aldeko eskaerarekin batera, lekuko euskarazko irakaskuntzaren defentsa ere nabarmendu zen Baionan. Sindikatuak batu zituen lehen manifestazioa Baionako herriko etxean geratu zen. Han, irakasleek Hezkuntzarako aurrekontua kudeatzeko era salatu zuten.
%24, Pauen arabera «Erronka larria da. Oinarrizko hezkuntza eskaini ahal izateko baliabideak ez dira emanak, egungo aurrekontua larriki kudeatua baita. Oso gutxitan gertatua izan da mobilizazio bat udako oporren aurretik antolatzea. Horrek argi adierazten du nolakoa den egoera», adierazi zuten.
Manifestazioaren aurretik biltzar nagusia antolatu zuten, eta, bertan, zerbitzu publikoak bateratuko lituzkeen mobilizazioa antolatzeko beharra azaldu zuten. «Irakaskuntza ez da aurrekontu murrizte egoera horretan dagoen zerbitzu bakarra, beraz, guztiok batu behar dugu», nabarmendu zuten.Zaila izan zen atzo mobilizazioaren heina jakitea. Sindikatuek daturik zabaldu ez bazuten ere, ongi ibili zirela esan zuten. Paueko Akademia ikuskaritzan, berriz, irakasleen %24 greban zeudela esan zuten, eta Seaskakoek, berriz, «arras grebalari» gutxi zegoela eman zuten aditzera.
Euskara salbatzeko norabideak finkatzea
A.B.
BAIONA LAB sindikatuak ehun bat lagun elkartu zituen atzoko manifestazioan. Sindikatuek bateraturik antolaturiko goizeko manifestazioa jarraitu ondoren, desfilea Baionako Kontseilu Nagusiaren egoitzara arte egin zuten. “Eskola demokratiko eta herrikoi baten alde!” aldarrikapen nagusia azaldu zuten. Bertan hitza hartu zuen Xan Goenaga sindikatuko ordezkariak. Hiru ekintza Frantses hezkuntzari benetako euskarazko irakaskuntzaren aldeko politika martxan jar dezala eskatu zion. Kontseilu Nagusian Euskararen Erakunde Publikoak bere kokagunea duela-eta, egitura horri aldarrikapenak hedatzeko eskatu zion. Horrez gain, politika berria bideratzeko hiru norabide zehatz eman zituen. Alde batetik, euskararen eskaintza orokortzeko eta sistematizatzeko galdetu zuen. «Urteetako esprientziak erakusten du eskaintzak eskaera azkartzen duela», argitu zuen LABeko ordezkariak. Irakasle eta hezkuntza arloko langile orori euskara ikasteko sentsibilizazioa izateko eskatu zion, eta eskola publikoan murgiltze klaseak sortzearen beharra ere azaldu zuen.
|