Perezek Europan ikusten ditu EHUren erronkak
Bilboko Sarrikoko Fakultatean zegoen EHUren ikasturtearen irekiera ofizialerako hitzordua jarria, eta denek bete zuten, eragile politikoek barnealdean eta hainbat gizarte eragilek kanpoaldean, bakoitza bere pankartaren atzean jarrita. Protestak barruko aretoraino iritsi ziren.
BILBO
«Berrikuntza eta kalitatea Europako hezkuntza eremuan, euskararen erabilera bultzatzea eta ikerketa sustatzea». Horiek dira, EHUko errektore Juan Ignacio Perezen esanetan, etorkizuneko erronka nagusiak. Hori adierazi zuen atzo Bilboko Sarrikoko Ekonomia eta Enpresako Fakultatean izan zen ikasturtearen irekiera ofizialean, eta, nabarmendu zuenez, helburuok betetzeko beharrezkoa da «erronka horiek babesteko moduko langileariaren politika bat martxan jartzea».Hartara, Perez irakasleak berritzearen alde agertu zen, batez ere ikerketa bultzatzeko erronkari eusteko. Arlo horretan aurrerapauso handiak eman direla nabarmendu arren, «muga garrantzitsuak» daudela ere esan zuen, «ez dagoelako belaunaldien arteko txanda-hartze nahikorik eta ikerketarako taldeak oso txikiak direlako, besteren artean». Perezek, gainera, «ezinbestekotzat» jo zuen gaur egungo «anomaliak» gainditzeko moduko Lan Eskaintza Publikoa izatea. Izan ere, eta errektoreak nabarmendu zuenez, administrazio arloan hiru langiletik bi egoera ezengonkorrean daude gaur egun. Perezek deia egin zien erakunde publikoei EHUren proiektuak gauzatzeko orduan bidelagun izan daitezen, eta orain artean jasotako babesa eskertu zuen. Errektoreak gaineratu zuenez, etorkizuneko erronkei eusteko beharrezkoa du Euskal Herriko Unibertsitateak erakunde publikoen bultzada, eta, horregatik, egoki iritzi zion erronka horiek laster onartzea espero den Unibertsitate Planean sartzeari.
«Bolognari ez»
Juan Ignacio Perezen hitzaldia bitan moztu zuen Bolognako Prozesuaren aurka agertu zen gazte taldek. «Bolognari ez! Euskal Herriak Bere Unibertsitatea» leloarekin pankartak atera zituzten errektorea hizketan ari zela, eta segurtasun indarrek kanporatu zituzten. Ondoren, Ertzaintzak identifikatu zituen. Kideek salatu zutenez, aretora sartzeko ere segurtasun indarrek jazarri egin zituzten eta goitik behera miatu.Modu berean, unibertsitateko hainbat eragilek deituta, Bolognako Prozesuaren kontrako elkarretaratzea izan zen eraikinaren kanpoaldean. Modu horretan salatu nahi izan zuten Europako esparru unibertsitarioa bateratzea helburu duen prozesuak «euskal unibertsitariei sortuko dizkien kalteak». Horrez gain, EHUk «Europatik ezarritako inposaketa» hori hitzez hitz betetzen duela kritikatu zuten. «Euskal eremu unibertsitarioa Euskal Herriak eta euskal herritarrok erabaki behar dugula uste dugu», esan zuten, eta horren inguruan eztabaida integral baten beharra nabarmendu zuten. Ekitaldian ordezkaritza politiko zabala izan zen. Juan Jose Ibarretxe lehendakaria, Lakuako hainbat sailburu eta Deustuko eta Mondragongo errektoreak, adibidez. Batasuna ekitaldira gonbidatzen duten lehen urtea izan da eta Goirizelaia mahaikidea izan zen.
|