GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Iritzia > Kolaborazioak 2006-09-29
Argitxu Martinez (*) - Etxerat elkarteko kidea
Duintasuna eta terrorea aurrez aurre

Duintasuna eta terrorea aurrez aurre ikusi genituen joan den ostiralean Gasteizko Jaurlaritzan. Eta asteartean, Donostiako Udalean. Terrorea dira elektrodoak eta poltsak, biluzteak, bortxaketak eta zorabiatu arterainoko kirol ariketak... eta gure senide eta lagunak horiek guztiak jasan ostean ikusi ditugu Audientzia Nazional espainiarreko kalabozoetan, edo kartzelan lehen bisita egin ostean. Terrorea dira ere bakartze erregimenak eta jipoiak, urruntasuna eta bakartasuna, osasun asistentzia eza eta hil arterainoko espetxe zigorrak; terrore horren aurka 54 egunez ezer jan gabe denari, hankak eta eskuak bortxaz ospitaleko ohatilari lotzea bere nahia bortxatzeko. Horren guztiaren testigu ere bagara euskal preso politikoen senide eta lagunok, halako baldintzetan dituzte-eta PSOEko eta UMPko agintariek gure maiteak. Eta terroreak ez du mugarik. Terroreak hil duenari azken agurra ematea debekatzeko ere terrorea erabili dute eta behin eta berriz, PPk eta PSOEK, UPNk eta PNVk; Santurtzin nahiz Donostian, Beran nahiz Tolosan...

26 urtez terrorea jasaten ari den Jose Mari Sagardui Gatza-ren aita Santosek; terroreak hil zuen Igor Angulo eta utzi zuen alargun Idoia; terrorea hogei urtez jasaten ari den Josu Diaz de Herediaren aita Jesus; eta terrorearen ondorioz hil edo biziko egoeran egon zen Irantzu, terrorea indarrean duen PSOEko agintari Patxi Lopezen aurrean altxa eta eskubide guztiak guztientzako oihukatu zien joan den ostiralean, terrore hori guztia ezkutatzen jarraitzen duen Gasteizko Jaurlaritzan. Eta hala egin zuten ere asteartean terrore horren guztiaren lekuko diren senideek Donostiako Udalean, terrore hori babesten duten agintarien aurrean. Ez dugu-eta nahi gu eta gure senide eta lagunak bizitzen ari garena beste inork jasaterik.

Terrorea darabilte xantaia politikoa egiteko asmoz, baldintza horietan izanik ere tinko jarraitzen duten gure senide eta lagunak makurtu nahirik. Duintasunez erantzun dio Iñaki maiteak, ordea, terrore horri guztiari, terrorea amaitzeko jateari utziz. Terrorea darabilte herri honetako akordio politiko eta demokratikoak baldintzatu nahirik, herri honi bestelako etorkizuna ukatu nahirik. Baina duintasunez erantzun die ere preso dituzten gure senide eta lagunek osatzen duten Euskal Preso Politikoen Kolektiboak bi estatuei, gatazka konponduko duen korapiloa nondik askatzen hasi erakutsiz.

Ukazioa eta nortasuna, terrorea eta duintasuna gatazkan dira herri honetan aspalditik. Eta Gernika koadroan agertzen zaigun terroretik, bestelako etorkizuna argitzen digun kriseilua gure irudi izatea erabaki genuen euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunok. Etorkizunean maiz pentsatzen dugu. Etorkizunean bizi garenik ere nork edo nork esaten digu. Eta ez du arrazoi faltarik. Horrenbeste terrorek ez du eta lortu gure kriseilua itzaltzerik, preso eta iheslaririk gabeko etorkizunean amesteari uzterik. Begiratu bestela Santosi. Edo Idoia, Jesus edo Irantzuri. Begiratu zure herriko preso eta iheslarien senideei, eta terrorea jasan arren, maitasunak etorkizuna argiztatzen jarraitzen duela ikusiko duzu. Maitasuna Algeciraseko ospitalean, 54 egunez ezer jan gabe egon ostean, hil edo biziko egoeran den Iñakiri; Kuban ala Venezuelan urteak daramazkitenei. Maitasuna duintasuna zer den irakatsi digutenei, bere seme-alabentzat, ondoko belaunaldientzat herentziarik hoberena terrorerik gabeko etorkizuna dela pentsatu, eta, opari hori emateko terroreari aurre egin dien eta egiten jarraitzen dutenei.

Gaur iluntzean ere maitasunak izango du tarterik, segundoz segundo, minutuz minutu urteetan terrorea jasaten ari direnen eskubideen defentsan isilik elkarretaraturik, preso, iheslari eta seniderik gabeko, terrorerik gabeko etorkizuna argiztatuko dute eta milaka pertsonak herri eta hiriburuetan egingo diren kontzentrazio eta manifestazioetan. Iritsaraz dezagun guztion parte hartzearekin Algeciraseko ospitaleraino, espainiar eta frantziar estatuetako espetxe bakoitzeko ziega bakoitzeraino, mundu osoko ezkutuko bazter guztietaraino gure maitasuna, izugarrizko sakrifizio pertsonala eginez, terrorearen aurrean makurtu ordez, duintasunari izen-abizenak jarriz, bizitzako hoberena eta bizitza bera ere emateraino iritsi diren eta ematen jarraitzen duten ehunka eta ehunka herritarrekiko gure maitasuna. -

(*) Hilargi Jaunarena, Maider Bengoa eta Agurtzane Alkalde Etxerat-eko kideek ere sinatzen dute


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Sindikatuek irakaskuntzako greba egunaren balorazio positiboa egin dute
Jendartea
Perezek Europan ikusten ditu EHUren erronkak
Euskal Herria
«Heriotz zigorra ezarri diote Jon Agirreri 2011ra urte arte espetxean edukita»
Euskal Herria
Persisten las maniobras pese al rechazo general
Mundua
El DUP mantiene su política obstruccionista a pesar de las advertencias de Londres
Kultura
La última película de Oliver Stone desata la polémica en el Festival
Kirolak
Prórroga a la estancia europea rojilla
Kirolak
Cinco directivos más abandonan el club
Euskal Herria
El proceso vasco se coloca en la agenda del Parlamento Europeo
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss