DONOSTIA
Harri-zulatzaileen Euskal Herriko Bakarkako Txapelketa abiatuko da etzi 13.00etan. Lehen jardunaldia, gainera, Iurretan izango da.
Taldekakoa eta Binakakoa amaitu ostean, orain Bakarkakoa helduko da. 26 zulatzailek eman dute txapelketa honetan parte hartzeko izena, eta hiru saio jokatu ostean, hamar onenak izango dira finalean.
Lehenengo jardunaldia Iurretan izango da, eta bertarako honako hauek izango dira harriaren gainean zuloa egiteko prest: Aurrekoetxea,Berridi, Herboso, Abad eta Ibarra.
Saioa erakargarria da, bertan izango baitira Berridi eta Aurrekoetxea. Azken hori Txoriherri taldekoa da, eta joan den igandean Binakakoan txapela jantzi zuenetako bat da. Bestetik, Berridik Jaizubia B taldearekin bigarren amaitu zuen, eta askoren ustez, txapela janzteko hautagai nagusietako bat omen da.
Hala ere, beste bi kanporaketa geratzen dira, eta horietan izango dira Isuskiza, egungo txapelduna, baita Fertxi Garcia ere, beste faboritoetako bat.Hala ere, azken hori ez da denboraldi ona egiten ari Trapagarango gainerakoak bezalaxe. Aurten, ez taldeka ez binaka ez dira beren mailan aritu.
Bestetik, Jaizubiako ordezkariek Binakakoan lortu ez dutena lortzeko aukera ez dute alferrik galdu nahi.