SAIL OFIZIALA: (HALF MOON), Bahman Ghobadi
«Independentzia ez da nire xedea, kurduekiko errespetua lortzea baizik»
DONOSTIA
Urrezko Maskorra irabazi zuen orain bi urte “Dortokek ere hegan egiten dute” filmarekin. Atzo “Half Moon” (ilargi erdia) aurkeztu zuen Sail Ofizialean, eta ondoko adierazpenetan esan zuenez, bai orain bi urteko filmak eta bai atzekoak Kurdistango egoera agertu nahi izan dute. «Lau herrialdetan banaturik bizi den herri bat da Kurdistan, Iranen, Iraken, Sirian eta Turkian. Ez dut Kurdistanen independentzia bilatzen, baina herri bezala errespeta gaitzaten nahi dut, bakean eta bizikidetza eginez bizitzea nahi nuke. Ez da gure gaurko egoera. Iraken eta Sirian bizi diren kurduek, esaterako, ez dute herri bezala inolako nortasunik. Ni Iranen bizi naiz, baina Irango Gobernuarentzat ere kurduak ez gara existitzen. Mugak igarotzeko arazo larriak ditugu», esan zuen zuzendariak. Adineko musikari batek, Mamok, eta haren hamar semeek kontzertu batean parte hartzeko Irakeko Kurdistanera egiten duten bidaia kontatzen du pelikulak. «Beti bidean dagoen herri bat gara gu, beti gerraren batetik ihesi ibili garelako. Anaia arteko gerra bat izan genuen-eta Iran eta Iraken arteko gerra ondoren. Gerra horietatik ihesi jende oldeak mugitu dira. Haurtzarotik bizi izan dut egoera hori, eta nire filmetan bidaiak garrantzi handia du. Tentsioa eta amorrua ere beti agertu ohi da nire lanetan», jarraitu zuen Ghobadik. Filmaren ardatz den beste gai bat ere jorratu zuen zuzendari kurduak aurkezpenean: emakume kantarien egoera. «Ez dago emakume kantaririk Iranen. Debekaturik dago. Ez duzue herrialde horretako merkatuan emakume kantari baten diskorik aurkituko. Lau edo bost emakumek interpretatutako kantuak bai, baina emakume bakar batek ezin du jendaurrean kantatu eta gutxiago diskorik grabatu. Gobernuaren debeku bat da hori. Emakumeek entzun dezakete emakume baten ahotsa, baina gizon-emakumez osatutako publiko batek ez. Debeku hori hautsi duten emakumeak leku jakin batera bidaltzen zituzten eta leku horren berri eman nahi izan dut. Filmean agertzen den emakume kantarien herri hori erreala da neurri batean. Uste dut lehen aldiz jorratu duela Irango zinemak gai hau, eta nik neuk ere autozentsuratu egin nuen behin baino gehiagotan filma Gobernuak banatzeko baimena emango zidalakoan, baina alferrik izan da. Emakume bat kantuan ikuste hutsarekin egin dute atzera. Gaia oso zeharka ukitu dut, baina alferrik izan da», esan zuen. Filmak ez du, beraz, Iranen erakusteko baimenik lortu, baina beste sei egitasmo dituela buruan esan zuen Bahman Ghobadik. «Teheranen hasiko naiz aurki film berri bat filmatzen, enplegu bila hasten den gazte talde baten historiari buruz. Badut beste film bat ere eskuartean, ‘Hassanen bila’ izango da izenburua, eta zati handi bat New Yorken filmatuko da. Bi film horiek Iranen girotuta egongo dira, baina baditut Kurdistanen girotuko diren beste batzuk dagoeneko abian. Zergatik egin filmak Iranen? Iranen kurduei buruz dagoen ideia oso okerra delako. Kurduok beti lapur eta indarkeriaren zale moduan aurkezten gaituzte. Film apalak izango dira, baina ikuspegi oker hori zuzentzeko balio dezakete», adierazi zuen.
|