Auntxa trikitilariari buruzko liburua plazaratu dute
Kalean da Soinuaren Liburutegia saileko zazpigarren alea: Joxe Mari Iriondo kazetariaren «Urrestillako trikitixa, Auntxa eta iturbidetarrak», argitaratu gabeko eta hainbat iturritatik lortutako grabazioak ere biltzen dituena. Larunbatean aurkeztuko dute lana Urrestillan eta Azpeitian, karrika musikaz eta dantzaz beteta. Meza, kalejirak eta jaialdia izanen dira.
DONOSTIA
«Historia berreskuratzeko asmoz sortu genuen Euskal Herriko Trikitixa Elkartekook Soinuaren Liburutegia bilduma 2001ean. Oso material idatzi gutxi genuen eta belaunaldi berriek musikari zaharrak ezagutzea nahi genuen. Literaturara ere gerturatu gara, Pako Aristiri, Koldo Izagirreri, Xabier Amurizari eta beste idazle batzuei eskatu diegulako guretzat garrantzitsuak diren trikitilarien bizitzak arakatzeko», adierazi zuen Agurtzane Aizpuruk atzoko prentsaurrekoan. Diskoak ere kaleratu dituzte liburuekin batera, argitaratu gabeko eta hainbat iturritatik lortutako grabazioak biltzen dituztenak.CDa besapean duela iritsi da saileko zazpigarren alea ere, Joxe Mari Iriondoren “Urrestillako trikitixa, Auntxa eta iturbidetarrak”. «Oso harreman ona nuen Auntxarekin edo Anttonekin, guretzat Antton baitzen. Loiolako Herri Irratian behin eta berriz grabatzeko aukera izan nuen. Zor morala nuen harekin, eta zorraren zati bat behintzat kitatzeko aukera eman dit orain Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak», azaldu zuen Urrestillako kazetariak. Antton izan zen ezagutu zuen lehendabiziko soinu txiki-jotzailea. «Artean haurra edo oso mutikoa nintzen dio liburuan. Izan ere, haren anaia zaharragoa, Juan, Arizumarraga-goikoako MŞ Inazia Kerejetarekin ezkonduta zegoen, eta guretik (Arizumarraga-azpikoatik) gora joaten ikusi nuen behin baino gehiagotan, San Isidro jaietan-eta, anaiaren familiakoak bisitatu eta zaindariaren jaia haiekin ospatzeko». Iriondo Kizkitzako, Oletako, Belokiko eta Pagotxetako erromerietara joaten zen eta harriduraz eta inbidiaz begiratzen zien beti trikitilariei: «Hauspoaren itxi-irekian ateratzen zuten soinuaren hotsa hezur-muinetaraino sartzen zitzaidan». Elkarrizketa ugari egin zion Auntxari Loiolako irratian zebilela eta horietako batzuk bildu ditu lanean. Soinua jotzen nola hasi zen, 11-12 urterekin lehendabiziko instrumentua erosteko zer lan egin behar izan zuen eta bertze hamaika kontu jakinen du irakurleak. Azken atala iturbidetarrei eskaini die Iriondok: «Erromerietako dantza-erritmoa odolean daraman familia horrek gehiago merezi du, baina zerbait sakonagoa egin nahi duenak irekia du bidea».
Gurutz aranaga: «aita eta laguna nuen»
M. I.
DONOSTIA Auntxaren seme Gurutz Aranaga hunkitu egin zen atzo komunikabideen aitzinean aitari buruz mintzatzean. «Aita eta laguna zen niretzat. Pilotan jokatzen nuen eta Mallorcan eman nuen denboraldi bat. Bisitan joaten zitzaidan, bi edo hiru hilabete egoten zen nirekin, eta inori kontatu gabeko sekretu batzuk aitortu zizkidan», erran zuen. «Kirol zaletasun handia zuen eta erantsi egin zigun umeoi. Boxeoan ere aritu izan gara elkarrekin. Hitzeko gizona zen, hitza zen haren dohainetako bat. Gogoan dut ere bai zeinen bizia zen eta nola ematen zion bizitasun hori soinuari. Beharbada asko maite nuelako izango da, baina ez dut beste inor ikusi soinua horrela astintzen». Imanol Iturbidek hamaika aldiz jo izan du Auntxarekin, eta garai hartako xelebrekeria bat kontatu zuen atzo: «Oiartzungo Gurutzeberrira joan ginen egun batean, eta harrituta gelditu ginen hainbeste soineko luze eta gorbata ikusita. ‘Antton, hemen jende izugarria dago. Laster eskatuko digute tangoa jotzeko’, esan nion kezkatuta. Hala gertatu zen eta zera erantzun genien guk: ‘Trikitia jotzera etorri gara’».
|