Euskara-alemana hiztegia kalean da
D0NOSTIA
Elena Martinez Rubiok eginiko Euskara-Alemana/Alemana-Euskara hiztegi berria aurkeztu zuen atzo Elkar argitaletxeak. Hiztegia hutsune bat betetzera dator, hau da, euskararen eta alemanaren arteko zubia osatzera, lanaren arduradunek azaldu dutenez. Hiztegia gaurko hiztunak maizen erabiltzen duen oinarrizko hitz-ondareaz osatua dago, hitz teknikoak barne. Hitzak nola erabili behar diren erakusteko, azalpenak dakartza itzulpenaren aurretik, bai eta jakintza-arloaren nahiz gramatika-kategoriaren aipamenak ere. Adiera desberdinen artean bereizten eta aukeratzen laguntzeko dira, bestalde, emandako adibide eta esapide ugariak. Laburbilduz, lexiko arrunta eta teknikoa, gramatika-kategoriak, 32.400 sarrera inguru, 4.600 adibide eta esapide argigarri eta alemanezko eta euskarazko gramatika eranskinak azaltzen dira. Elena Martinez Rubiok (Bilbo, 1957) Nurenberg-Erlangengo Unibertsitatean eta Berlingo Freie Unibertsitatean egin zituen Filosofia, Soziologia eta Germanistika ikasketak. Filosofian doktorea da eta Euskal Filologian lizentziaduna. Euskaraz gain, alemana, ingelesa eta errusiera ere badakizki. Hiztegigintzan jarduna da UZEIn, eta itzulpengintzan, artikulugile gisa eta liburugintzan ere hainbat lan egindakoa. Besatari elkartean zenbait libururen argitaratzailea da.
|