Liburu jostalaria plazaratu du Txilikuk, 25 bizitza eredugarri biltzen dituena
Alfabetoko hizki bakoitzeko biografia bat idatzi du Jesus Mari Olaizola «Txiliku»k. Allen, Barbara; Biro, Laszlo Jozsef; Cenci, Beatrice; Dee, John... Horrela ordenatu ditu hogeita bost pertsonaien istorioak, A-tik Z-ra. Askotan, bizitza horiek aitzakia baino ez dira giro edo garai batez aritzeko. Bitxikeriaren baten berri emateko. «Alabak komentatu zidan gustura ari zela irakurtzen, baina amorrazio pixka bat ematen ziola fikzioa eta errealitatea ezin bereizteak. Poztu egin nintzen, hori zelako asmoa».
DONOSTIA
«Idazlearen eta editorearen arteko harremana gatazkatsua dela esan ohi da. Ez dakit hala den, beti pentsatu izan dudalako Txiliku eta biok oso ondo konpontzen garela. Baina lehentxeago egundoko kaskarrekoa eman diot autoko maletategiko atearekin. Etsaitasun baten adierazgarri izan daiteke. Kasualitate hutsa ere bai». Horrela eman zion hasiera Xabier Mendiguren Elizegi editoreak Txilikuren “Bizitza eredugarriak” aurkezteko ekitaldiari.Haur literaturako lan ugari kaleratu du zarauztarrak, eta horietako batek Euskadi saria lortu zuen orain urte gutxi. Helduentzat, berriz, “Hontzaren orduak” eta “101 gau” idatzi ditu. Mendigurenen hitzetan, “Bizitza eredugarriak” lanean badago aurreko bien zer edo zer. «Ipuinez osatua dago, ‘Hontzaren orduak’ bezala. Ez dira edonolako ipuinak, ordea: alfabetoko hizki bakoitzeko biografia bat idatzi du Txilikuk. Norbaiten bizitza kontatzeko aitzakiarekin bitxikeria ugariren berri ematen du. Diamantearen ebaketaz aritzen da, edo zenbait landareren inguruan dauden mitoez. Oso zabalak dira gizon honen jakintza eta jakin-min eremuak». Umorea da hogeita bost istorioen ezaugarri bat. Maltzurra baina solidarioa da idazlearen begirada: «Gizagaixoak dira pertsonaia batzuk; handikiak beste zenbait. Azken horiek nahiko gaizki bukatzen dute». Izenburua bera adierazgarria eta ironikoa dela erran zuen editoreak, liburuko protagonisten bizitzak ez baitira eredugarriak. «Ez dira gaiztoak, baina bai nahiko aparte ibilitakoak». Bizitza eredugarriak aldatu ote diren beldur dela aitortu zuen Txilikuk: «Lehengoan, esaterako, Real Madrilgo jokalariek egunero laurehun abdominal egiten dituztela irakurri nuen egunkari batean. Gazteentzat eredu izan daitezen nahi dute». Idazlearen ustez, kritikoa izan behar da horrelakoen aurrean. Horixe da, hain zuzen, liburuaren bidez lortu nahi duena: «Irakurlea kritikoa izatea gustatuko litzaidake, irribarre egingo lukeena liburuko gaiztakeriekin, eta atsegin hartu istorio bitxiekin. Ziria non dagoen ikertu beharko du». Alkanfor usaina du Txilikuren lanak: irudiek zahar kutsua dute, eta idazkera loratua da. Santuei eta pertsona eredugarriei buruzko kontakizunek duten estilora hurbiltzen ahalegindu baita.
Laboaren kanta lokarri
M. I.
DONOSTIA Erromatarrek orratza sartzen omen zieten begietan kaioletako txori kantariei, itsututa hobeto abesten zutela pentsatzen baitzuten. Kondaira horri egiten dio erreferentzia Giuseppe Ungarettik poema batean. «Mikel Laboak kantatzen duen testu hori aproposa iruditzen zait liburuko hogeita bost biografiei lotura emateko. Izan ere, ameslari, egoskor eta kaiku ugari ageri da nire idatzietan, baina denek egiten dute lan. Ez dago itsututako kardantxiloa bezala bizi den inor», azaldu zuen Jesus Mari Olaizola Txilikuk prentsaurrekoan. Idatzi bitartean musika aditzeko ohitura du zarauztarrak, eta biografia bakoitza doinu batekin lotu du.
|