Zalaineko langileek lanuztea babestu dute
·«Zuzendaritzaren jarrera salatzeko» elkarretaratzea ere egin zuten lantokian
LESAKA
Lesakako Holding de Gestion de Enpresas de Tubo S.L. (Zalain Transformados) enpresako langileek hogeita lau orduko lanuztea egin zuten atzo hitzarmenaren negoziazioaren blokeo egoera salatzeko eta «enpresa batzordeak aurkeztutako plataformarekin negoziatzen jarraitzearen alde» egiteko. Horiek hala, «zuzendaritzako eta egiturako» hamazazpi langilek bakarrik egin zuten lan eta horiek «Guardia Zibilaren babesa» izan zuten lantegira sartzeko, batzordeak argitutakoaren arabera. Era berean, berrogeita hamar bat langilek elkarretaratzea egin zuten lantoki aurrean «Zuzendaritzaren jarrera salatzeko», adierazi zuten. Ondotik N-121An jarraitu zuen elkarretaratzeak.
LABeko Juanma Caballerok, batzordeko idazkariak, mobilizazioek zuzendaritzak jarrera aldatzen ez duen bitartean jarraituko dutela esan zuen, nahiz eta oraindik ez dituzten zehaztu.
Caballerok adierazi zuen enpresak urtean 72 ordu gehiago lan egitea nahi duela eta hori onartzen ez duten bitartean negoziatzeari uko egiten diola. «Guk orain 1.632 ordutako lanaldia dugu, aurretik egindako borrokaren ondoren lortutakoak eta ez dugu honi uko egingo», gaineratu zuen komiteko kideak.
Gainera, hainbat gai sozialetarako diru-laguntzak emateko unea iritsi den arren, Zuzendaritzak esan du langileek lanaldiaren igoera onartzen ez duten bitartean «euro bakar bat ere» ez duela emango.
Lantokian 350 pertsonak egiten dute lan, horietako hamar aldi batekoak dira.
|