Martin Aranburu Carrera - Politologoa
Ipar Korea
Izan nahi eta ezin. Ustezko leherketa nuklearra gertatu zen astelehen gauean Ipar Korean, Japoniatik eta Txinatik gertu. Berehala, AEBak buru, nazioarteko asaldatze orokor baten testigu izan gara, Korearen aurka hartu beharreko neurri gogorrena proposatzeko lasterketa zoroan murgildurik. Ipar Korearen jarrerak gogoeta ugari sorrarazten dizkit. Uler- garriak batzuk, kritikagarriak beste batzuk. Kritigarria da Ipar Korearen izatea bera. Kapitalismoaren aurka dagoen sistema ekonomiko baten mozorropean diktadura estalinista aplikatzen da oraindik ere bertan. Herria lepotik lotuta mantentzen da, iritzi eta ekimen politiko askatasunik gabe, amaierarik gabeko gosete batera zigortua, eta gastu militarrak urtez urte gora egiten du. Itxaropen gutxiko herria, txiroa, aukera ekonomiko, politiko eta sozial urrikoa, nazioarte mailan bere garaiko Sobiet Batasunak zuen rola jokatu nahirik. Handinahi berak Sobiet Batasunaren amaiera ekarri zuen, eta Koreak antzeko bidea jarraituko du. Are gehiago Hego Korea eta Japonia bertan izanda. Kritikagarritzat jotzen ditut bertako agintariek beren herriaren onura lortzearren aplikatzen dituzten politikak. Mesedegarri litzatekeen eraldaketa demokraziazale bati ekin ordez, alderdi desberdinak legalizatuz, oinarri ekonomiko sendoak ezarriz eta beharrezko industria eta nekazaritza aldaketak eginez, indar militarrean dago herri baten patuaren oinarria. Horren ordez, arerio maltzurraren logikan murgiltzen dira, Korearen aurkako nazioarteko konplotean oinarrituriko defentsa beharra argudiatuz, gastu militarra igoaraziz eta ikerketa nuklearra bizkortuz. Indar nuklearrean oinarritu nahi dute indarra, herriarentzat baliagarriak izango diren ordaineko hainbat abantaila lortzeko itxaropenean. Beraz, antza, indar nuklearraren jabegoa bihurtzen da txirotasunetik eskapatzeko tresna baliagarriena eta praktikoena. Nazioarteko Komunitatearekin interlokuzioa aldarrikatzen da, ez baina herriari dagokion eskubidean oinarrituz, mehatxu nuklearrean oinarrituz baizik. Pentsa dezagun apur batez, herrialde txiroetako agintarien hautua aurrerantzean: emaitza azkarrik gabeko politikak ala aukera nuklear azkarrak emango dituen Txinarekiko harremana? Alderdi kritikagarri asko badaude ere, bada ulergarritzat jotzen dudan alderdi orokor bat: funtzionatzen duten tresnen erabilera. AEBek Bigarren MunduGerraren ostean beraien nagusitasuna jabego atomikoan oinarritu baldin bazuten, eta aitzitik, mundua gobernatzen dutenen nagusitasunaren arrazoia jabego nuklearra baldin bada, zelan pentsa daiteke aukera izango duenak bide horri ekingo ez dionik? Iran eta Korearen kasua. Lehenengo munduak diseinatu du gaur egungo indar korrelazioa. Mehatxu militarrean oinarritzen den indar korrelazioa, hain zuzen. Mendebaldeak egin du orain arte mehatxua. Orain ordea, jokalari gehiago daude partidan. -
|