Galder Gonzalez - EHUko Ikasle Kontseiluko presidentea
Ludger Meesi gutun irekia «pobre navarrico» baten partez
Ludger Mees jauna. Ez da denbora luzea elkar ezagutzen dugula eta, egia esan, ez dugu aukera handirik eduki elkarrekin hitz egin eta egoeren inguruan ditugun ikus- puntu ezberdinak trukatzeko. Egia esan zure lanaren inguruan, tamalez, ezer gutxi dakigu ikasleok, baina ez dut dudan jarriko lan eskerga duzunik. Azken finean, tamalez berriro ere, jendarteak eta unibertsitate-komunitateak ezer gutxi daki bere errektoreordeen lanaren inguruan, ez badira maiz agertzen diren titular handi horietatik jasotzen duguna.Badakit joan den astean Miguel Sanzen hitzak entzun ostean benetako amorrua sentitu zenuela. Ez da gutxiagorako. Badakit idatzi zenuen artikulua barru-barrutik idatzitakoa dela ere. Ziur nago esan zenituen guztiak pentsatzen dituzula eta pentsatzen dituzun asko ere isildu zenituela. Nafarron lehendakariak (badakit, bai, PNVkoa ez denean Euskaltzaindiak presidente dela dioela, baina nafarra izanda hau da nire lehendakaria) horrelakoak askotan esan ditu eta odolak irakiten du horrelakoak entzun behar direnean. Nik ez dut Miguel Sanzen aurka hitz egingo, uste dudalako nahikoa ondo erantzun zaiola beste bide batzuetatik. Nik beste gauza bati erantzun nahi diot: «vasco bueno» eta «pobre navarrico» dikotomiari, hain zuzen ere. Zuek, «vasco buenoak», guri, «pobre navarricoei», askotan esaten diguzue zuen oasian zeinen ongi bizi den. Han intxaurrak beti dira hamalau, errepideak urrearekin egiten dira eta familia guztiek dute ahora zer eraman. Euskara jada ez da putzu ilun eta sakon bat, baizik eta itsaso urdin eta zabal bat. Euskal kultura ez da «Agur Jaunak dantzatzea», ez, bertan sekulako Euskal Curriculuma dago. «Vasco buenoen» lurraldean edozein leihatilatara joan, edo medikuarengana, edo epaile on eta dialoganteengana, eta guztiak jalgiko dira euska- ra garbian. Ze, ez dezagun ahaztu, Vascongadak dira euskaldunon «Eretz Israel». Gu, «pobre navarricoak», Bardeak baino idorragoa den basamortu batean bizi gara eta, zorionez, gure lehengusuak oso abegikorrak dira gurekiko eta hezkuntza ematen digute euskaraz. Diskurtso hau askotan entzun behar izan dut. Telebistan, irratian eta agintarien ahotan askotan esaten da zeinen ondo gauden Nafarroarekin alderatuta. Baina «zein ongi gauden» horrekin euskaldun guztiok ditugun gabezia guztiak ezkutatzen dira. Badago egiten ari zaretenarentzat esaera zahar bat: «Bere etxea berinez daukanak ez beza harririk aurtiki bertzerenerat». Zuen (eta bertan ikasten dudanez, agian nire esan beharko nuke) Unibertsitatearen teilatua beiraz eraiki duzue eta orain besteen gainera harriak botatzen zabiltzateŠ baina ez zarete konturatzen bestearen aurka erabiltzen dituzuen datuak zeuen kontra itzultzen direla. Erabiltzen duzu(e)n argudiorik garrantzitsuena Unibertsitatean dagoen euskara portzentajea da, %70 (!). Niri horrelako matematika jokoak gustatzen zaizkit. Ze norbaitek pentsa lezake %70 euskaraz bada, %30a dela gaztelerazŠ baina ez! %130 da gazteleraz, ze gaztelerazkoen %100ari euskarazkook gazteleraz ematen dugun %30a gehitu behar zaio eta, beraz, unibertsitatean ematen diren hiru kreditutik bakarra da euskaraz (%200etik %70a)! Baina, gainera, datu hau gezurra da. Norbaitek pentsa lezake %70 hori zenbaki absolutua dela, baina ez da horrela. Bertan Euskara teknikoa I, Euskara teknikoa II eta Euskal Fonetika eta Fonologiaren Hastapenak bezalako irakasgaiak daude, nekez eman daitezkeenak euskara ez den hizkuntza batean. Montero errektorearen garaian euskarazko ehuneko horren barruan bikoizketa egiten zen ikasgelak zeuden (adibidez, Biologian) eta bi ikasgelatan asignatura bera ematen zenez, bi aldiz kontatzen zuen portzentajea igotzeko. Espero dut zuek jada ez duzuela teknika hau erabiliko, baina batek daki! Oraindik ez dago euskaraz bere osotasunean (hautazko ikasgaiak barne) ikas daitekeen karrerarik UPVn. Karrera askotan kreditu guztiak euskaraz har daitezkeela zin egiten duzue, baina horrek hainbat ikasketa egin ezin izatea dakar, hautazko gehienak ez daudelako euskaraz. Momentu honetan karrera bakarrean dago aukera gazteleraz bezainbeste hautazko kreditu euskaraz jasotzeko, eta, gainera, lehen zikloa bakarrik duen karrera bat da (suposatzen da errazagoa dela euskalduntzea). Iaz UPVk onartu zituen lehenengo zazpi graduondokoetatik sei (!) dira gazteleraz eta bakarra da... euskaraz? Ez, jauna! Hirueleduna da eta, beraz, ingelesak euskarak baino presentzia handiagoa izango du etorkizuneko goi ikasketa zikloetan. Datuak datu, eta beste asko erantzun daitekeenez, ez naiz horretan gehiago zentratuko. Zure argudioetan garrantzitsuena, eta horregatik nioen argudioak gure kontra etor daitezkeela, Unibertsitateak eduki ditzakeen arazo ekonomikoak erabaki politikoekin konpontzen direla esatea da. Pozten nau horrelako hitzak UPVko autoritate batek sinatzea. Orain arte «horrelakoak egiteko dirurik ez dago» esan digutenean, horre- lako argudioak erabili ditugu euskaltzaleok, eta «utopikoak» izan da esan diguten gauzarik onena (utopikoak garelako, noski!). Hemendik aurrera zure hitzak ditugu gure posturak defendatzeko. Baina ez gaitezen engaina. Zuen oasiko erregeek Euskal Unibertsitate bat eraikitzeko duten borondate politikoa hutsaren hurrengoa da. Azken finean, ezin dugu ahaztu bai UPV bai NUP Unibertsitate espainiarrak direla, Cuencako Unibertsitatea bezainbeste; badakit hau esateak mintzen zaituela, baina ez dut horretarako esaten, benetan hala delako baizik. Bi unibertsitateek legedi espainiar berari men egin behar diote, Erret Dekretu batek hala dioelako. Egon daitezkeen diferentzia folklorikoak kenduta, borondate politikoa zein den argi ikusi dugu. 26 urte hauetan Unibertsitateak ez du lortu Euskal Herriak dituen beharrak asetzea, ez dute lortu euskaraz funtzionatzea, ez eta Euskal Herriaren garapen kultural, ekonomiko, politiko eta soziala bermatzea. Oraindik Euskal Herriko Unibertsitate hori EAEko Unibertsitate bat da, eta legediari men egiten jarraitzen badiogu, horrela izango da beti. Bukatzeko mesede bat eskatu nahi nizuke. Nafarrok borroka latzak egin ditugu urte askotan euskaraz ikasi ahal izateko. Hala, NUPen ere gero eta behar handiagoa dago euskaraz irakatsi, ikasi, ikertu eta bizitzeko; Patxi Larrainzar ikastetxean lerro berria ireki da; Vianan, Tuteran eta Zangozan ikastolak daude; herri askotan euskara taldeak daude; nafar batzuek euskaraz ikasi dugu UPVra iritsi arte... Zure gutunaren bukaeran Sanz jauna UPV bisitatzera gonbidatuko zenuela esaten zenuen... ez ezazu egin, arren! Nafarrontzako askoz txarragoa izango da. Mesedez, ez ezazue gure lehendakaria gonbidatu, lotsagarri utziko baituzue euskara. -
|