Euskarazko unibertsitate liburuen gordailua,Bilbon
·1990. urtetik aurrera euskaraz argitaratutako materiala Euskararen Etxean dago; Internet bidez bila daiteke
BILBO
Duela ia bi urte San Inazio auzoan zabaldu zuten Euskararen Etxeak beste erakarpen nagusi bat du gaurtik aurrera, batez ere unibertsitate-munduarentzat. Izan ere, tren geltokien bidez hizkuntzari buruzko bidaia proposatzen duen zentro horrek euskarazko unibertsitate-liburu guztien gordailua ere izango du hemendik aurrera, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta EIRE Unibertsitateko Euskal Irakasleen Elkartearen lankidetzaren ondorioz.
Dagoeneko 500 egile baino gehiagoren 366 lan gordetzen ditu. 1990etik hona argitaratutako liburuak dira, eta jakintza arloko guztietakoak. Zehaztu zutenez, %43 humanitate arlokoak dira, %27,5 gizarte zientzietakoak, %10 natur zientzietakoak, eta osasun zientziek eta zientzia teknikoek %10,6 eta %8,1 hartzen dute.
Gainera, funts bibliografiko berriaren katalogoa Internet bidez eskura daiteke Euskararen Etxearen webgunean, beharrezko zehaztapen guztiekin. Katalogatuta eta digitalizatuta dagoen funts bibliografiko berriaren garrantzia nabarmendu zuten agintariek duen helburu nagusiagatik, euskararen erabilpen zientifikoa bultzatzen duelako.
|