IAk 103 ikasle auzipetu izanaren erantzule jo du EHU
Urriaren 17an epaituko dituzte LOUren aurka itxialdia egin zuten EHUko 103 ikasleak. IAk ikasleak kriminalizatzea eta «inposatzaileen konplize» izatea egotzi dio unibertsitateari. Halaber, epaiketa egunerako antolatuko dituzten mobilizazioetan parte hartzeko dei egin die ikasleei.
DONOSTIA
Ikasle Abertzaleek EHUko auzipetutako 103 ikasleak epaituko dituzten egunerako urriaren 17rako antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dio ikasleriari. «EHUk euskal ikasleeon etsai bezala jokatzen duela salatuko dugu», adierazi zuten. Taldearen iritziz, EHU bera da ikasleei gerta lekiekeenaren erantzule bakarra. «Batetik, bera da ikasleon kriminalizazioa posible egiten duena, ikasleak kondenatzen dituena. Bera da 103 ikasle horiek hilaren 17an Getxoko epaitegian egotearen errudun bakarra», azaldu zuen IAk. Era berean, «inposatzaileen konplize» izatea ere egotzi zion unibertsitateari «euskal ikasleei arrotz egiten zaizkien dekretu eta prozesuak onartu eta aplikatzeagatik».
Ikasle Abertzaleen iritziz, unibertsitate komunitateko kideei etorkizuneko unibertsitate eredua inposatu nahi die, «nola eta, komunitate horretako kideei beraien iritzia eskatu barik». IAren esanetan, 2003an LOUren aurka itxialdia egin zuten 103 ikasleek inposizioaren kontra egin zuten. «Estatu espainoletik zetorren lege arrotz, atzerakoi eta zentralista hark ikasleon eskubideak urratzen zituen banan-banan», nabarmendu zuten.
Are gehiago, IAren ustez, LOU «Bolognako Prozesuaren bidelaguna» da. «Hezkuntzaren homogeneizazioa dakar horrek, kalitatearen degradazioa, pribatizazioa, unibertsitatea multinazional eta elite indartsuenen esku erortzea».
IAren aburuz, gainera, euskararen desagerpena eta euskal edukien ahaztura ekarriko du. «Eta garrantzizkoena, oinarri-oinarrizkoa den hezkuntzarako dugun eskubidearen urraketa, baita euskal ikasleok ditugun gainerako eskubideena ere», azaldu zuen.
|