Lekunberriko jaiak
Euskal giroak ere bere lekutxoa izango du aurtengo festetan
Arratsaldeko 20.00etan eman zieten hasiera lekunberritarrek herriko jai nagusiei, Nafarroako azken jaietakoak direnei. Atzotik igandera bitarte gustu guztietarako ekitaldi, giro kontzertu eta ikuskizunak topatuko ditu Larraun bailararen erdigunean (baina bertatik kanpo) dagoen herri horretara bertaratzen denak; aurten inoiz baino gehiago.
LEKUNBERRI
Nafarroako eta, oro har, Euskal Herri osoko jaiak azken txanpan sartuak daude, eta honezkero gutxi batzuk baino ez dira geratzen. Hori, ordea, ez da penatzeko arrazoia, geratzen diren jai horiek denak emanda aprobetxatzeko deia baizik. Atzo arratsaldean hasi ziren Nafarroan azkenetakoak diren Lekunberriko jaiak Lizaso eta Aldatzekoak, besteak beste, hastear daude oraindik. Aurtengo berritasun nagusia Herriko Plazan aurkitu ahal izango duguna da, euskal musikak eta giroak ere, gainerakoekin batera noski, beren lekua izango baitute. Horren erantzuleak bi dira: gazteek jarritako karpa eta Elutxa kolektiboaren lokala. Lehena, Lekunberriko Gazte Asanbladaren eta herriko beste hainbat gazteren elkarlanaren ondorio da, eta karpa jartzeaz gain, hainbat ekintza antolatu dituzte jaietarako: kontzertuak, herri-bazkaria, jokoak eta abar. Bigarrena, aldiz, Elutxa kolektiboaren «kaskagogorkeriaren» ondorio da. Izan ere, azken hamar urteotan Udalaren ezetza behin eta berriz jaso arren, ekin eta ekin jarraitzearen ondorioz, aurten baietza jaso baitute. Hala ere, traba ugari jarri dizkietela adierazi dute kolektiboko kideek. Haien helburu nagusia, bultzatzaileen hitzetan, herriko tabernen egoeraren alternatiba bat plazaratzea da, euskal giroa eta musika eskainiko dituen gune bat sortzea.
Ostirala, Pintxoaren Eguna: edariarekin pintxoa doan
LEKUNBERRI
Aurtengo jaietako egitarauari begira, Pintxoaren Eguna deituriko ekimenak erakarri du gure arreta. Izan ere, eta beti egitarau ofizialean jartzen duenaren arabera, herriko taberna guztiek hartu dute parte ekimen horretan, eta horren oinarria honakoa da: herriko edozein tabernatara joan eta edaria eskatzerakoan, bertako zerbitzariek pintxoak eskainiko dizkigutela. Euskaldunak oso jatun onak omen gara, baina halako aukerarekin zein, ez? Egitaraua
Osteguna 12 12.00: Erraldoiak herrian zehar. 13.00: Aizkolariak eta harri-jasotzaileak Herriko Plazan. 17.00: Profesionalen pilota partidak. Ordu berean, asto lasterketa La Vegako anfiteatroan. 20.00: Euskal Kanturik Onena kiroldegian. Ordu berean mus txapelketa jubilatuen egoitzan. 00.30: Dantzaldia pilotalekuan. Ostirala 13 11.30: Patata-tortilla lehiaketa. 12.30: Buruhandiak herrian zehar. 14.00: Herri-bazkaria Herriko Plazan. Ondoren, jokoak, folk musika eskoziarra eta bertso poteoa batukadarekin. 17.00: Afizionatuen pilota partidak. 19.00: Pintxoaren Eguna: herriko taberna guztiek pintxoak oparituko dituzte edariarekin. 20.00: Gazteentzako mus txapelketa jubilatuen egoitzan. 00.00: Kalapite eta Errugabe taldeen kontzertua gazteen karpan. Larunbata 14 12.00: Puzgarriak Herriko Plazan. 15.00: Karting-ak poligonoan. 17.00: Aitzur jaurtiketa La Vegako anfiteatroan. 18.00: Haurrentzako askaria. 00.30: Dantzaldia pilotalekuan.
|