DONOSTIA
«Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoa behin betiko konpontzeko babesa eta bultzada beharrezkoa dugu». Hori izango da datorren urriaren 25ean Estrasburgon ezker abertzaleak Europari zabaldu nahi dion mezua eta, horretarako, protesta ekitaldia egingo du Europako Parlamentuaren aurrean. Ekitaldia eurodiputatuek Euskal Herriak bizi duen gatazkaren inguruan eztabaidatzen duten bitartean izango da.Ezker independentistak urte politiko hasieran abian jarritako «Euskal Herriak autode- terminazioa» dinamikaren barruan kokatu dute Estrasburgoko ekimen hau eta, atzo Donostian egindako agerraldian Jose- rra Etxebarriak jakinarazi zuenaren arabera, horixe izango da Europako Legebiltzarraren aurrean egingo duten aldarrikapen nagusia.
Ezker abertzaleko kide ezagun ugari bildu ziren prentsaurreko horretan, Estrasburgoko martxaren nondik norakoak aurkeztearren. Maixabel Gaztañaga, Itziar Lopategi eta Amaia Almirall izan ziren haietako batzuk, eta haien guztien izenean Etxebarria bera eta Amparo Lasheras izan ziren hitza hartu zutenak.
Estrasburgoko ekimenaren egitaraua erabat zehazturik ez badago ere, bertsolariak, musikariak eta beste hainbat parte hartze egongo direla jakinarazi zuten. «Borroka eta alaitasuna uztartzen saiatuko» dira Parlamentuaren aurrean egingo duten ekitaldian. «Euskal herritarrok gatazka politikoa gainditu- ko dugun uste osoa erakutsi na- hi diogu Europari», azaldu zuen Etxebarriak, eta martxan parte hartzeko deia egin zien euskal herritar guztiei.
Ezker abertzalearen aburuz, «Europak eginkizun garrantzitsua du gatazkaren konponbide demokratikoan», eta Irlandako prozesuan egin bezala, Euskal Herrian ere Europak ekarpena egin behar duela adierazi zuen Etxebarriak.
«Euskal Herriaren txanda historikoa iritsi» dela uste du ezker abertzaleak eta horren argudioa datorren urriaren 25ean Europako Parlamentuan egingo den eztabaidan kokatu zuen. Euskal Herriko gatazka politikoa Europako agendan presente egotea «garrantzi handikotzat» jo du ezker abertzaleak eta horrexegatik antolatu du martxa. «Euskal Herriaren txanda historikoan, bertan egon nahi dugu, euskal herritar moduan eta ezker abertzaleko kide moduan», nabarmendu zuen Etxebarriak.
Ezker abertzalearen aburuz, «Euskal Herriko prozesuaren eraikuntzan gizarteak izan behar du protagonista nagusia», eta bide horretan, gatazka gainditzeko prozesuan ekarpena egitera gonbidatu zituen euskal herritarrak, auzo eta herrietan autodeterminazioaren alde egiten ari diren dinamiketan parte hartzera deituz eta Estrasburgon egingo den ekitaldira gonbidatuz.