- Munduko Txapelketa
Azaroan hasiko da Munduko Txapelketa
DONOSTIA
Aurten ere aizkolarien Munduko Txapelketa jokatuko dute, baina ez du iazkoarekin zer ikusirik izango. Aurten antolatzaileak beste batzuk dira, Egur Sport enpresa, Urrezko Aizkora antolatzen duena, eta ez da, gainera, egun bateko saioa izango, asteburu bat baino gehiago beteko baititu.
Luixmari Bengoak, enpresako arduradunak, atzo GARAri baieztatu zionez, hiru lehiaketa jokatuko dituzte. Elite mailakoa, 23 urtez azpikoa, eta beteranoena, 51 urtetik gorakoena. Noiz hasiko den ez da segurua, baina azaroaren 12an Tolosan jokatuko dute Urrezko Aizkolaririk azkarrenaren sariketa, eta horren inguruan hasiko da. Asmoa finala Azpeitian jokatzekoa dute, baina oraindik gauza batzuk lotzeko daude.
Hala ere, kanpotik datozen herrialdeen zerrenda ere erabakita dago batzuen kasuetan. Australiako ordezkariak seguru izango dira, baita Ameriketako Estatu Batuetakoak ere, eta Kanadakoak. Zeelanda Berria ere etortzea litekeena da, baina ez da segurua.
Europatik, Txekiako, Suitzako, estatu espainol eta frantseseko eta Euskal Herriko ordezkariak izango dira. Lehiaketa ez dute iaz bezala herrialdeka jokatuko, bakarkakoa izango baita. Euskaldunei dagokienez, helduetan segurua da Larretxea, Arrospide eta Mindegia izango direla. Gazteetan, Mugertza anaiak, Atuxa II.a, Otaegi; horiek dira beste batzuen artean entzuten diren izenak. Beteranoetan, berriz, badirudi Etxebeste, Mendizabal eta Agite esaterako bertan izango direla, baina hori ere erabat segurtatu gabe dago. Dena dela, aste batzuen buruan dena zehaztuta izatea espero zuela esan zuen Luixmari Bengoak.
|