- Zaldi-mando probak
Aiako apustua itxitzat eman du Gipuzkoako Federazioak
DONOSTIA
Gipuzkoako Federazioak itxitzat eman du orain dela hilabete Aiako probalekuan jokatu zuten Olarrearen eta Urkiagaren arteko apustua.Harria zela-eta, zurrunbilo handia sortu zen. Bi abereek uste baino askoz ere plaza gehiago egin zituzten, eta gero garbi ikusi zen harriaren azpialdea ez zegoela egon behar zuen bezala. Horrek bilera mordoa ekarri du, eta azkenean Gipuzkoako Federazioak itxitzat eman du. Hasteko, apustuaren ostean, bi probalariek epaileen akta sinatu zuten, eta beste kiroletan gertatzen den moduan, balekotzat eman zutela ulertzen da. Gerora, Aiako Udalak Gipuzkoako Federazioari idatzi bat bidali dio, harriaren azpiko aldea bakarren batzuek nahita gastatu zutela esateko. Orain, akta horiei, Federazioak eranskin bezala idatzi hori erantsi die, horrela datozen probetan kontuan hartzeko. Bestetik, Aiako Udala jadanik harria konpontzen ari da.
Ispasterko probak
Zaldi-mandoetan, gaur Ispasterko probak jarriko dituzte abian, 18.00etatik aurrera. Bertan, Alegriaren, Garmendiaren, Lopezen eta Beaskoaren abereak neurtuko dira. Bihar, 21.00etan, Urkiagaren, Ugarteren eta Aurrekoetxearen abereak izango dira lehian.
|