ZESTOA
Etzi, 19.30ean, Patxi Zubizarretaren “Hamar mezu eta dei bat” ikuskizun literarioak zabalduko du Kultur Errotak Urolan izeneko egitasmo berria. Hilaren 27an Edu Zelaietaren poema liburuan oinarritzen den “Mugaldekoak” emango da 21.30ean Zestoako kultur etxean. Azaroaren 3an Leire Bilbaoren “Ezkatak” emango da Zumaiako Alondegian eta Bertol Arrietaren “Txikira beti hordago!” azaroaren 24an, 22.00etan, Zumaiako Alodengian.
Lau emankizunak antolatu ahal izateko lekuan lekuko beste hainbat elkarteren laguntza izan du Topaguneak. Elkarte horien ordezkariak izan ziren atzo Zestoako kultur etxean egin zuten prentsaurrekoan zirkuitoriari buruzko xehetasunak eman zituztenak.
«Formatu txikiko ikuskizunak izango dira kultur zirkuitu honetan. Herri batzuetan ez dago antzoki edo azpiegitura egokirik kultur ekitaldiak antolatzeko eta gaztetxe, taberna eta areto txikietan kalitate handiko emanaldiak egin daitezkeela frogatu nahi dugu. Guk kultur arlo jakin bat aukeratu dugu. Diaporama, antzerkia, musika eta beste hainbat adierazpide daude euskaraz lantzen ari direnak eta guk poesia emanaldiak aukeratu ditugu, ondorengo zirkuituetan beste arlo batzuk lantzeko asmoarekin» ,esan zue Julen Garatek, Maxixatzen elkarteko kideak.
Hain zuzen ere, Patxi Zubizarretaren “Hamar mezu eta dei bat” hainbat idazleren ipuin labur eta poemak ematen ditu Txema Garzes eta Josetxo Goia-Aribe musikarien laguntzarekin.
“Mugaldekoak” ere Edu Zelaietaren poemak dira Beñardo Goietxe eta Raul Garciaren musikarekin.
Leire Bilbaori ere Domentx Uzin eta Jon Basauri musikariek laguntzen diote eta Bertol Arrietak ere Xabier Etxabe eta Iñaki Oliden musikarien laguntza izango du bere ipuin laburren irakurketan. Urko Canseco, Danbolin elkartekoa, Itziar Mora, Baleikekoa, eta Manuel Moreno ere, Topagunekoa, mintzatu ziren zirkuitua. Morak «euskaraz sortzen diren ikuskizunak gozatzeko aukerak eskaitzea» zela esan zuen zirkuituaren helburua.
Azkoitiko Maxixatzen, Zestoako Danbolin eta Zumaiako Baleike eta Txinparta euskara elkarteak dira Kultur Errotak Urolan zirkuitua antolatzen parte hartu dutenak.