Eragin, herritarren parte- hartzea sustatzeko taldea
BAIONA
Errepublikako presidentea hautatzeko kanpainari begira, herritarren parte-hartzea sustatzeko xedea duen talde berria aurkeztu zuten atzo Baionan. Eragin da bere izena eta Estatu frantsesean sortu den «Aux urnes etc.» (Bozkatzera eta abar) ekimena Lapurdin, Zuberoan eta Nafarroa Beherean hedatzea du helburu.Musikan eta artegintzan aritzen diren hainbat talde ezagunek abiatu zuten herenegun Parisen ikuskizun berezia. Izan ere, hiru karpa berezitan, abesti eta ikusgarriez gain, eztabaidak, erakusketak, proiekzioak, antzerkiak eta antzekoak eskaintzen dituzte, guztia gizarte arazoez eztabaida piztu eta herritarrek gizartearen bilakaeran duten edo izan beharko luketen zereginaz hausnartu eta eztabaidatzeko. «Herritarrok eta, batez ere, gazteok eztabaida demokratikoa berreskuratu behar dugu, finean, biharko gizartea nolakoa izango den gure esku ere badagoelako», esan zuten Eragineko kideek, herritarren parte-hartzea boza emate hutsera ez dela mugatu behar nabarmenduta.
Euskal Herrian, otsailean
Ekimena datozen sei hilabeteotan garatuko da Estatu frantsesean eta, Ipar Euskal Herrian, otsailaren 12tik 18ra izango da oraindik zehazteke dagoen herriren batean. Hori guztia antolatzeko, hain zuzen ere, batzar irekia egingo dute azaroaren 11n, Hazparneko Xuriatea elkartean, goizeko 10.00etatik goiti.Les Ogres de Barback, Les Hurlements d’Leo eta Debout sur le Zinc taldeak Euskal Herriko beste talde batzuekin arituko dira. Horretaz gain, lekuko arazo eta gaiekin (euskara, desobedientzia zibila, etxebizitza...) zerikusia duten mahai-inguruak antolatzeko asmoa dute «inongo indar politikorik ordezkatzen» ez duten taldekideek.
|