Hizkuntz eztabaidari ateak itxi nahia salatu du Batasunak
Batasunak gogor kritikatu du hirukoaren jarrera, ostiralean, Gasteizko Legebiltzarreko bilkuran, hizkuntz normalizazioak «beharrezkoa duen eztabaidari ateak itxiko dizkiolako». Hizkuntz politika nazional eta burujabearen alde jarraituko duela berretsi du, eta erakundeetatik kanpo bada ere, euskarak behar duen eztabaida egingo duela azaldu du.
DONOSTIA
«Harrokeria, inposatzea eta intolerantzia». Horrela definitu zuen Joseba Permachek EAJk, EAk eta EBk ostiraleko osoko bilkurari begira duten jarrera. Batasunak gogor gaitzetsi du hirukoa osatzen duten alderdien jarrera, «hizkuntz normalizazioak beharrezkoa duen eztabaidari ateak ixteagatik». Ezker Abertzalea talde parlamentarioak euskara berreskuratzeko lege proposamena aurkeztu zuen, eta ostiralean Gasteizko Legebiltzarrean izapidetzeko onartu edo ez eztabaidatuko dute. Orain arte publikoki hartutako jarrerek adierazten dutenaren arabera, Gasteizko talde guztiek kontra bozkatuko dute. «Euskararen estatus politikoa eta juridikoa aldatzea» inoiz baino beharrezkoagotzat jo du Batasunak, eta aldaketa horri bide emateko Euskara Berreskuratzeko Legea egin zutela oroitarazi du. Gizartean euskararen aldeko aldarrikapena gero eta nabariagoa den arren, euskarak hiru errealitate administratibotan duen egoera «zaila» dela ekarri du gogora Permachek. Haren iritziz, orain artean bai Nafarroan, bai Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, baita Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian ere aplikatu diren hizkuntza politikak agortuak daude». Batasunaren aburuz, orain arteko politikek «porrot» egin dute, ez baitute euskara normalizatzea bermatu. Batasunak euskararen etorkizuna bermatzeko hizkuntz politika burujabe eta nazionalaren alde lanean jarraituko duela nabarmendu du. Euskarak Euskal Herri osoan benetako ofizialtasuna beharrezkoa duela uste du Batasunak, eta bide horretan, erakundeen konpromisoak ezinbestekotzat jo ditu. Ostiralean bertan, hirukoaren jarrera salatzeko eta hizkuntz politika berria aldarrikatzeko Gasteizko Legebiltza- rrean egongo dela jakinarazi du Batasunak. Bestetik, hizkuntza politikaren inguruko eztabaida izapidetzeko onartzen ez bada, erakundeetatik kanpo bada ere, euskalgintzako eragileekin eta herritarrekin batera euskarak behar duen eztabaida aurrera eramango duela azaldu du Batasunak.
|