Sindikatu guztiak batera Etxebarriko protestan
Sindikatu guztiek bat egin zuten atzo Etxebarriko Arcelor enpresan astelehenean izandako lan heriotza salatzeko antolatutako elkarretaratzean. Protesta ekimenean hirurehun pertsona inguruk hartu zuten parte. Ekimen horretaz gain, lantegiko langileek 24 orduko lanuztea egin zuten istripua gaitzesteko.
ETXEBARRI
ELA, LAB, ESK, UGT, CCOO eta USO sindikatuek elkarretaratzea egin zuten atzo Etxebarri herrian dagoen Arcelor enpresaren aurrean, bertako langileen batzordeak deituta. Hain zuzen ere, ekimen horrekin eta arratsaldeko ordu bietan bukatu zen 24 orduko lanuztearen bitartez herenegun lantegian izandako lan heriotza salatu nahi izan zuten.Hirurehun bat pertsonak parte hartu zuten ordu erdi iraun zuen elkarretaratzean. Batzordeko presidente Valeriano Perezek azaldu zuen bizia galdu zuen langilea makina batek harrapatuta hil zela makina hori konpontzen ari zenean. Dena dela, ez zuen hipotesirik zabaldu nahi izan istripuen arrazoiei buruz, Osalanen ikerketa bukatzen den arte bederen. Alde horretatik, erakunde horretako teknikariak langileen batzordeko arduradunekin biltzekoak ziren atzo arratsaldean istripuari buruz hitz egiteko. ELAko Ramiro Sotok, lan arriskuen prebentziorako delegatuak, berriz, adierazi zuen makinekin lan egiten duten pertsonentzat protokolo bat ahalbidetu beharko litzatekeela arriskuak ekiditeko eta segurtasun osoz lan egin dezaten. Nabarmentzekoa da Etxebarriko Arcelorren 809 langile daudela. Asteleheneko heriotza istripua azken hamar urteetan lantegian gertatzen den lehena dela ziurtatu zuten.
92 hildako aurten Astelehenean ere beste langile batek bizia galdu zuen Zallan, Iberdrolaren elektrizitate zutoin batean lanean ari zela. Langile hori elektrokutatuta hil zen. Lan heriotza hori salatzeko, Bizkaiko herri horretan Batasunak egindako elkarretaratzean 50 pertsona bildu ziren atzo. Gaur, 11.30ean, ordea, beste elkarretaratze bat egingo dute, ELA, LAB, ESK eta STEE sindikatuek deituta. Kasu honetan, Ortuella herrian dagoen Elabra industrialdean izango da protesta, Tecumi izeneko enpresaren aurrean. Enpresa horretan lan egiten zuen herenegun Zallan zendutako langileak.
GARAk bildutako datuei so egin eta astelehenean izandako bi lan heriotzak kontuan hartuz gero, gutxienez 92 langile zendu dira aurten Euskal Herrian beren lanpostuan beharrean ari zirela.
Batasuna: «Ez dago beste inon halako hildako kopururik»
GARA
DONOSTIA Batasunak gogor salatu zituen herenegun izandako lan heriotzak. «Estatistika beltz eta luzeari» beste bi langile gehitu behar zaizkiola adierazi ostean, datuak «eskandalagarriak» direla berretsi zuen. «Ez da halako hildako kopururik duen beste herrialderik. Europako beste herrialdeekin konparatzea hainbeste gustatzen omen zaion Ibarretxe jaunari datu hauek ez zaizkiola axola dirudi. Jakina, datu hauek bere diskurtso panpoxo guztia zaborretara botatzen dutelako», aipatu zuen. Patronalak hil egiten duela nabarmendu eta Administrazioak neurri gogorrak hartu beharko lituzkeela gaineratu zuen. «Administrazioak neurri gogorrak hartzen ez dituen bitartean, patronalak ez du urratsik egingo, ez du ezer egingo lan baldintzak hobetu daitezen. Beraz, langileen hilketa hauen erantzukizun handia du hirukoak eta EAEko Gobernuak», nabarmendu zuen. Bestalde, Etxebarriko Arcelor lantegiaren aurrean egindako elkarretaratzean Ezker Batuko batzarkide Jose Ferrerak hartu zuen parte. Berak ere lan istripuak bukatzeko neurriak eskatu zituen.
|