CABAB larrialdietarako etxebizitza ziurtatzeko eraikina egitera engaiatu da
·Hurrengo bi urteetan eraikiko dutela adierazi zuen hiri elkargoko presidente Didier Borotrak
BAIONA
Hotz garaian larrialdietako laguntza ematen duten sei elkartetako ordezkariekin elkartu zen astelehenean Baiona, Angelu eta Biarrizko hiri elkargoko presidente Didier Borotra. Bilkura horretan, CABABko presidenteak hurrengo bi urteetan larrialdietarako etxebizitza izatea ahalbidetuko duen hotel sozial bat egingo dutela hitz eman zuen. 15 pertsonarentzako tokia izango duen etxebizitza eraiki behar dute, eta modu horretara, orain arteko etxe aurrefabrikatuak alde batera utzi ahal izango dira.
Negu garaiko Hotz Handia Plana martxan ezartzeko hilabete baino pixka bat gehiago besterik falta ez denean, Table du soir, Emmaus, Gurutze Gorria, Point Accueil jour, Secours Catholique eta Aterbea elkarteetako ordezkariak hainbat erakunderen buruekin bilkurak egiten ari dira. Point Accueil Jourreko presidente Christian Muratek adierazi zuen, CABABren betebeharren artean sartzen ez bada ere, Borotrak aurtengo Hotz Handia Planerako behin-behineko harrera toki bat ezarriko duela esan ziela.
Larrialdietarako etxebizitzan lan egiten duten sei elkarteek ultimatum bat jarri diote Estatuari bere betebeharrak har ditzan. Bihar, zerbitzu sozialetako erakundeko arduradunekin hitzordua dute elkarteek.
|