BIARRITZ
Baiona, Angelu eta Biarrizko hiri elkargoak inguru garbiagoa izateko eta zabor poltsa gutxiago erabiltzeko helburuarekin zaborrontzi berriak ezarriko ditu. Biarrizko Herriko Etxeak hiriko egitura berriztatzeko programa aurkeztu zuen atzo.
Lurperatutako zaborrontziak ezartzen hasiko dira lehenik eta behin Biarritzen. Hilabete honen bukaeratik 2008ko ekainera arte 100 bat zaborrontzi ezarriko dituzte. Horietarik 66 etxeko hondakinentzat izanen dira, 12 beirarentzat, 11 paperarentzat eta 11 plastikozko ontzientzat. Zaborrontzi mota horiek hiriaren erdialdean kokatuko dituzte.
Banakako zaborrontzi gurpildunak lau fasetan kokatuko dituzte; lehena azaroaren erdialdean hasiko da Milady/Mouriscot auzoetan eta 2008ko ekainean bukatuko da Hipodromo eta Negresse auzoetan. Tamaina horretako 5.500 bat zaborrontzi ezarriko dituzte Biarritzen eta kanpoaldeko auzoetan.
Hirugarrenik, gurpildun zaborrontzi handiak ezarriko dituzte jende aski bizi den eremu txikietan. Hirigunetik oso urrun ez dauden auzoetan kokatuko dituzte bereziki. 800 zaborrontzi ezarriko dituzte eta horietatik 200 auzoetan kokatuko dituzte: Itsasargin, Marnen, Lohouzen eta Joffren, hain zuzen ere. Zaborrontziak lau fasetan ezarriko dituzte, baina epeak ez dituzte oraindik zehaztu.