GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2007-01-16
«Tempo di Martxa» ekimenarekin abiatu du Euskadiko Orkestrak 25. urtemuga
Aurten 25 urte beteko dituela-eta, ohiko programa ez ezik programa berezia ere prestatu du Euskadiko Orkestra Sinfonikoak. Ekitaldirik berritzaileenetako bat, «Tempo di Martxa» izenburukoa, prentsaurrekoan aurkeztu zuten atzo. Funtsean, punta-puntako programa interaktiboarekin ekipatutako autobus didaktikoa da «Tempo di Martxa», urte osoan eskolaz eskola ibiliko dena. Atzoko prentsaurrekoan programa bereziko hainbat ekitaldiren berri ere eman zuten arduradunek; esaterako, orkestrak Latinoamerikan barrena egingo duen biraren berri edota Francisco Escuderoren «Gernika»ren grabazioaren berri.

DONOSTIA

“Tempo di Martxa”, funtsean, urte osoan Euskal Herrian barrena eskolaz eskola ibiliko den autobus bat da. «Autobusa, punta-puntako programa interaktibo batekin ekipatuta, haurrak musika sinfonikoaren munduan modu ludiko eta erakargarrian murgilarazteko tresna da», esan zuen atzo Mikel Cañada Euskadiko Orkestrako aholkulari pedagogikoak.

Ekimena batez ere hamar eta hamabi urte bitarteko haurrei zuzenduta dago. Interesa duten eskolek eskatu baino ez dute egin behar (informazio gehiago, www.euskadikoorkestra.es webgunean).

«Ordubeteko aktibitatea da ­argitu zuen Cañadak­. Lehenengo ordu erdia eskolan egiten dute haurrek, beren irakaslearen eta gure begiraleetako baten gidaritzapean. Bigarren ordu erdia, berriz, autobusean».

Autobusa gela baten moduan atonduta dago. Bertan, orkestrako familia desberdinetako hainbat musika-tresna bertatik bertara ezagutuko dituzte haurrek, baina, batez ere, ordenagailuetan ibiltzeko aukera izango dute. Izan ere, “Tempo di Martxa”ren «bihotza» punta-puntako programa informatiko interaktibo bat da. «Guk dakigula, behintzat, ez dago horrelakorik, eta ahalegin handia eskatu du, bai edukien aldetik, baita teknologia berrien aldetik ere», nabarmendu zuen Cañadak.

Programa interaktibo horri esker, haurrek musika sinfonikoaren eta bereziki Euskadiko Orkestraren berri izango dute; musikaren beraren bidez, gainera. «‘Tempo di Martxa’, oroz gain, entzuteko esperientzia da ­berriro Cañadak­. Guztira, genero eta garai desberdinetako 35 obra entzun ahal izango dituzte haurrek».

Autobuseko esperientzia bukatuta, irakasleek programa interaktiboa CD-Rom formatuan jasoko dute, baita beste hainbat material pedagogiko ere, eskolan bertan gaia jorratzen jarraitu ahal izateko.

“Tempo di Martxa”, 25. urtemugako programa berezian aurrez ikusi dituzten beste hainbat ekitaldi bezala, gehienbat haurrei zuzenduta dago. Hori orkestrak «etorkizuneko bazkideekin duen kezka»ren ondorio omen da. Horri dagokionez, zera esan zuen atzo Iñigo Alberdi orkestrako zuzendari nagusiak: «Orain dela 25 urte, 700 bazkiderekin hasi ginen; gaur egun, berriz, 7.000 ditugu, eta jende asko bazkide izateko zain dago. Hala ere, etorkizunean bazkide izan daitezkeen gaztetxoak bereziki zaindu behar ditugula uste dugu».

«Enbaxadorerik onenetako bat»

Miren Azkarate Lakuako Kultura sailburuak ere parte hartu zuen atzo prentsaurrekoan. Urtemugako programa bereziak orkestrak bere-bereak dituen ezaugarriak «nabarmenago ikusarazi baino» ez duela egingo esan zuen. Izan ere, programa horretan, alde batetik, musika sinfonikoa entzule gazteengana hurbiltzeko ekimenak daude eta, bestetik, zabalkunde nahiz sortze ekimenak. Orkestrak Latinoamerikara egingo duen bira nabarmendu zuen. «Nazioarteko bideari ekin zionetik, orkestra gure enbaxadorerik onenetako bat izan da», esan zuen.



Hiriburu ez diren herrietan ere jotzetik Brasilen jotzera
Autobusaren berri ez ezik, urtemugako programa berezia osatzen duten gainerako ekimenen berri ere eman zuten atzo, labur-labur baina, orkestrako arduradunek.

«Peru eta otsoa», CD-liburuan - Prokofieven “Peru eta otsoa” eta Saint-Saënsen “Animalien Inauteria”, biak ala biak klasiko baino klasikoagoak haurrentzako musika errepertorioetan, grabatu eta CD-liburu batean argitaratuko ditu orkestrak. Testuen egokitze lanetan, Mariasun Landa eta Juan Kruz Igerabide aritu dira. Ahotsak, berriz, Arantxa Iturbek, Iban Garatek eta Iñaki Beraetxek jarriko dizkiete pertsonaiei. CD-liburu hori doan banatuko diete Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean orkestrak antolatuko dituen haur kontzertuetara bertaratzen direnei.

«Romeo eta Julieta», txotxongiloetan - Tamaina handiko txotxongilo eta Prokofieven musika lagun, Shakespeareren “Romeo eta Julieta” antzeztuko du Per Poc taldeak.

«El Conciertazo» - TVEk haurrei zuzentzen dien “El Conciertazo” programako saio berezi bateko protagonista izango da orkestra, Juan Jose Oconen zuzendaritzapean. Saio hori, Fernando Argentak aurkeztuta, Miramonen eta Kursaalen grabatuko dute.

Hiriburuetan ez ezik, herrietan ere - Abonuko programa guztiak hiriburuetan jotzen ditu orkestrak. Alabaina, aurten, hiriburuetara ez ezik hainbat herritara ere iritsi nahi du. Hori egingo du ekainean, ganbara-taldeetan banatuta. Horrela, hogei kontzertu inguru egiteko asmoa du.

Aurten, Brasilera - Aurten ere Latinoamerikara joango da orkestra. Gilbert Vargaren zuzendaritzapean, Argentinan eta Uruguain joko du, eta han, orain dela zenbait urte, harrera ezin hobea lortu zuen. Baina, horrez gain, Brasilen arituko da lehen aldiz; Mozarteum barruan, gainera. «Musika klasikoaren alorrean, Latinoamerikako programarik garrantzitsuenetako bat da», nabarmendu zuen Iñigo Alberdik.

«Gernika»ren estreinako grabazioa - Francisco Escuderoren “Gernika” opera XX. mendeko euskal musikaren lanik garrantzitsuenetako bat da. 1982. urtean estreinatu zuten, bonbardaketaren 50. urtemugarekin batean. Alabaina, orain arte ez dute inoiz grabatu. Orkestrak aurten egingo du lehen aldiz, Jose Ramon Encinarren zuzendaritzapean.

Luis de Pablo, Nicanor Zabaleta gogoan - Orkestrak bi urtez behin euskal konpositore bati egin ohi dion enkargutik aparte, aurten, 25. urtemuga dela-eta, Luis de Pablori obra bat sortzeko enkargatu dio. Nicanor Zabaleta gogoan, orkestra eta arpa solistarentzako obra izango da.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Jendartea
Entre Bera y Lesaka, dolor
Jendartea
La CHE autoriza la captación de caudales de emergencia en Ullibarri-Urrunaga
Euskal Herria
«Jarrai-Haika-Segi auzia»ren erabakia atzeratu dute berriz
Euskal Herria
La Audiencia Nacional volverá a juzgar a Arnaldo Otegi el próximo 21 de marzo
Mundua
Borrell defiende en su despedida que la Unión Europea es la respuesta a la globalización
Mundua
Bush, dispuesto a pasar por encima del Congreso para enviar más tropas a Irak
Kultura
Guiseppe Verdi y la representación escénica de su obra
Euskal Herria
Zapatero reclama unidad y reitera que con violencia no hay diálogo
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss