Maien genozidioa, «isilpean gordetako krudelkeria»
NBEren datuen arabera, 250.000 maia hil zituzten Guatemalan. 36 urtez iraun zuen gerrak ondorio benetan latzak izan zituen. Krudelkeria horren lekuko Luis Gurriaran apaiza izan zen. Orain, haren ilobak bere bizipenak jaso ditu liburu batean: «Guatemala. El silencio del Gallo». Gai horren inguruan ezarritako «isiltasuna apurtzea» da helburua.
MADRIL
Duela 25 urte, 1982anhain zuzen ere, Luis Gurriaran apaizak eta Rigoberta Menchuk garai hartan ezezaguna Efrain Rios Montt-enGobernuarenbortizkeria salatu zuten Nazio Batuetan. Erakunde horren arabera, 36 urte iraun zuen gerratean 200.000 maia hil zituzten Guatemalan. Gertatutakoa jakinarazi eta gai horren gainean ezarritako «isiltasuna apurtzeko» helburuarekin, Carlos Santos kazetari eta idazleak “Guatemala. El Silencio del Gallo” liburua idatzi du. Atzo aurkeztu zuen Madrilen. Lanean, Luis Gurriaran osabaren bizipenak jaso ditu.
Misiolari joan zen Guatemalara. 70eko hamarkadaren hasieran, ehun bat familia maiarekin batera, Santa Maria Tzeja herria sortu zuen El Quiche probintzian. Jauntxokeria, izugarrizko miseria eta maien esplotazioa ziren nagusi.
Santosek azaldu zuenez, liburua idazterakoan ez dio lekurik egin literaturari. «Zoritxarrez, kontatzen den guztia, zorigaiztokoa eta ulergaitza bada ere, egia da. Osabaren historia berriz gogoratzen hasi nintzen eta, azkenean, Ameriketako tragedia kolektiborik handiena idatzi dut», adierazi zuen agerraldian. Gurriaranek nabarmendu zuenez, maia herriarekiko «izugarrizko mespretxua dago» eta horregatik, «isilarazi» dute gertatutakoa. «Indiarrak lan egiteko edo esklabu gisa besterik ez dituzte erabili. Beren kontrako bortizkeriak ez zuen inolako garrantzirik», azaldu zuen.
Heriotzaren eskuadroiek bere aurka egin zuten, eta hainbat mehatxu egin zizkioten atearen azpialdetik. «Apaiza ez nintzela eta gerrillarako jendea prestatzen nuela zioten», adierazi zuen. Oraindik ere, Rios Montt-ek «ukiezina» izaten jarraitzea salatu zuen.
|