Europar ultraeskuina zerbaiten adierazle
Europar Batasunera sartu berri diren ekialdeko herrialdeek, besteak beste, eskuin muturreko sei parlamentari ekarri dituzte berekin, Europako Parlamentuarentzako ekar- pen bitxi gisa. Parlamentu horrek atzodanik ultraeskuindarren talde parlamentarioa edukiko du bere barnean, Errumaniako bost parlamentariri eta Bulgariako bati esker, denetara talde propioa osatzeko behar diren 20 eurodiputatuak gehituta. Haren izena, Identitatea, Subiranotasuna Gardentasuna. Jean-Marie Le Pen eurodiputatu frantsesaren ametsa, azkenik, gauzatu da. Le Penez gainera, izen ezagunak daude taldean, hala nola Bruno Gollnisch frantsesa eta Alessandra Mussolini, italiar agintari faxista izan zenaren biloba. Gainerako talde parlamentarioek beren kezka agertu dute, zaila gertatzen da eskukin muturrak iritsi duen indarraren zergatia azaltzea. Baina fenomeno horren azterketa ezin da mugatu 20 europarlamentari horien taldea edo eskuin muturrak Europan hartu duen indarra aintzat hartzera. Zerbait gehiagoren adierazle, arazo sakonago baten agerpen nabariena baita. Izan ere, apustu neoliberalak indarrean jarri duen joerak badu zerikusirik eskuin muturra indartu izanarekin. Talde politiko guztiek maiseatu egiten dute ultraeskuina, oraindik orain «gerriko higieniko» batez hitz egiten zuten, baina hori ere hutsaren hurrengo gertatuko litzateke, orain arteko praktika parlamentarioan erakutsi duten moduan. Izan ere, hainbat lege eta proiektu atzerakoi eskuin muturraren bozak baliatuz atera izan dituzte aurrera, are haren proposamenak jasota, eta Estatu frantsesa horren adibide argia da, Le Penen hainbat proposamen edo ideia Sarkokzyren zenbait proiektutan jaso edo islatuak izan baitira. Demokraziaren sehaska izan eta bere burua berdintasunaren aldeko balioen aitzindari gisa eta gizarte babesaren ikurra harro agertu izan duenak, etorkinen kontrako legeak, langileen eskubideen murrizketa gero eta handiagoak, gizarte bazterkeria, berdintasunaren kontrako politikak, oro har, sustatzen ditu: askatasunen murriztaileak, kontrol polizialaren areagotzaileak eta ongizatearen kontrako politikak. Europak egun eskuin muturra baino zerbait gehiago astindu behar du bere barnetik. Tradizioz babestu izan dituen balioak berreskuratu, politika aurrerakoiak abian jarri nahi baditu, bere joera atzerakoiaren bistaratzea den ultraeskuina ez ezik, haren indarra erraztu duen joera, haren demagogiaren gune erosoa den norabidea, astindu behar du. -
|