Iruñean gala bat eginda abiatuko da hilaren 26an Korrika Kulturala
IRUÑEA
Duela bi urte, azkenengo Korrika-n, lehenengoz antolatu zuen Korrika Gala Iruñerriko AEK-k, eta izan zuen arrakasta handia ikusita, aurten berriro antolatuko du. Urtarrilaren 26an izanen da, Artsaia aretoan, 21.30ean. Hori azaldu du Amaia San Vicentek, Korrika-ko prentsa bulegoko arduradunak.Jaialdi horren helburua Korrika-rako ateratzen duten arropa ezagutaraztea da, eta horretarako, desfile bat antolatu dute ikasleekin, irakasleekin, AEK-ko kideekin eta gonbidatu bereziekin. Hala ere, gala hori zabalagoa izanen da, eta desfilean, hainbat ikuskizun eta musika saio tartekatuko dituzte. Trikizio taldea eta DJ Bull musikarien emanaldiak ziurtaturik daude, eta ikuskizunen artean, akrobatak, eskujokoak, dantza garaikidea, antzerkia eta bakarrizketaren bat ere izanen dira, besteren artean. Aurten Korrika-ren 15. edizioa izanen da. Bizkaiko Karrantza herritik martxoaren 22an abiatuko da, eta apirilaren 1ean Iruñera iristea du helburu. Ohi bezala, lurralde guztian ibiliko da Korrika, eta 2.150 kilometro eginen ditu aldi honetan. «Heldu» izanen du leloa, eta hitz horrek dituen esanahi ezberdinak biltzen ditu. Ekitaldi erraldoi horrek mugimenduan egonez aurrerantz doan herria sinbolizatu nahi du. Pertsona zehatz bat aukeratu beharrean, emakume euskaldunak omenduko dituzte aurten. Historian emakume horiek euskararen alde egindako lana hagitz garrantzitsua izan dela uste dute antolatzaileek, bai eus- kara mantendu eta zabaltzeko, baita debekatuta egon zen garaian egin zuten transmisio lanarengatik ere. Eskoletan, gaueko ikastoletan eta, oro har, kulturguneetan betetako papera goraipatu nahi izan dute. Korrika 15ean bilduko duten dirua banatzerakoan, Nafarroako gau eskolei emanen diete lehentasuna. UPN eta CDN alderdiek osatutako Gobernuak ema- ten dituen diru laguntzak murriztu dituzte, eta hori dela eta, eskola horiek sufritu dute gehien. Egoera hori arintzen saiatuko dira euskararen aldeko lasterkaldiaren bitartez.
Aurkezpena, hilaren 24an
Artsaian eginen duten galak Korrika Kulturalari hasiera emanen dio. Horren barrenean, hainbat ekitaldi eta ikuskizun eginen dituzte Euskal Herri osoan zehar. Herrialde bakoitzeko AEK-k, urtarrilaren 26an hasi eta Korrika abiatu bitartean (martxoaren 22an), hainbat jaialdi antolatuko ditu. Korrika Kultura- laren aurkezpena Durangon eginen dute hilaren 24an.
|