- Alaves
1999-2000 denboraldiko Villarreal da esperantzarako aurrekari bakarra
·Urte hartan, Castellókoek ere 30 puntu zituzten bigarren itzuliko lehen jardunaldian
GASTEIZ
Igoeraren helburua oso urrun ikusten den arren, estatistikek amesten jarraitzekoaurrekari bat eskaintzen diote aurtengo Deportivo Alavesi. Izan ere, Bigarren Mailak 22 talde dituenetik behin bakarrik gertatu da, baina 1999-2000 denboraldian Vila-realek lortu zuen, txapelketako tenore honetan 30 puntu izanda. Babazorroen egungo balentria zailagoa litzateke, hamabigarren baitira sailkapenean eta orduko hartan Paquitok zuzentzen zituen Berruet, Craioveanu, Imanol eta konpainia, hamargarren ziren, baina haiek ere 30 puntu zituzten.Osasunak azken unean igoera lortu zuen denboraldi hartan, Vila-realek ez zuen oso lehen itzuli ona egin eta horrek Joaquin Caparros, egungo Deportivoko entrenatzailea, kargutik kentzea ekarri zuen. Azkenik, sekulako bigarren itzulia osatu ondoren, Lehen Mailarako igoera lortu zuten. Horretarako, jokatutako 20 azken partidetatik hamar irabazi behar izan zituzten, lau berdindu eta lau baino ez zituzten galdu azkena azken partidan igoera eskuetan zutela. Orotara 30 gol sartu zituzten azken 20 partidetan eta 20 baino ez zituzten jaso. Beraz, bizkortzen hasi beharra du Alavesek. Urte hartako eta aurtengo sailkapenei begiratuta, Salamanca eta Levante, amaieran igotzerik lortu ez zuten bi talde, ziren sailkapenaren buruan, 43 eta 40 punturekin hurrenez hurren. Aurten berriz, Valladolid eta Murtziak alde handiagoa dute euren jarraitzaileekiko, 47 eta 41 puntu baitituzte. 99-00 denboraldi hartan, Las Palmas zen hirugarren 38 punturekin eta lehen postuan amaitu zuen 72rekin, gainontzekoen txakalaldiak probestuta. Osasuna, igoerako azken txartela eskuratu zuen taldea, zortzigarren zen 32 punturekin. Denboraldia hain ondo hasi zuen Salamancak laugarren postuan amaitu zuen 23 puntu bakarrik lortuta eta Levantek zazpigarren, 21ekin.
Ia ezinezkoa
Aurrekari horrek esperantzari leihotxo bat zabaltzen dion arren, gauzak hotzean begiratuta, ia ezinezkoa du Alavesek igoera lortzea, edo gutxienez ez dauka ia hutsik egiteko tarterik. Izan ere, hura izan zen igoera merkeen izan den denboraldia, gainontzeko guztietan, 2001-2002 denboraldian izan ezik Recreativo 69 punturekin igo zen , gutxienez 70 puntu bildu behar izan dira Lehen Mailara igotzeko. Alavesek ondo daki hori, Pepe Melekin 2003-2004 denboraldian azken jardunaldian Eibarren 74. puntua batu baitzuen , baina horrek ez zion igoera txartelik eman.Valladolid batez ere, baina baita Murtzia ere, oso sendo ari dira aurten eta horrek Almeria uzten du iristeko moduko helburuarekin, baina igoerarako beharrezkoak izango diren puntuak 70en gainetik behar lukete gauzak normal antzean joanda. Izan ere, Cadiz bera ere goraka doa eta asko dira hirugarren postu hori nahi dutenak. Perspektiba horrekin, gutxien gutxienez 40 puntu eskuratu beharko lituzkete babazorroek azken hogei partida hauetan, hau da, gutxienez 13 neurketa irabazi eta berdinketaren bat lortu, orain arte erakutsitakoarekin nahiko ezinezkoa ematen duen balentria. Helburu horri eusteko, Alavesek momentuz egutegia alde duela esan daiteke, hurrengo asteetan sailkapenaren azken postuetan dabiltzan taldeen aurka jokatu beharko baitu. Larunbat honetan ekonomi krisi larriak jotako Malaga hartuko du Mendizorrotzan, hurrengo astean Real Madrid Castillari egingo dio bisita, hurrengoan Vecindario ahula hartuko du berriz etxean eta gero, Tenerifen jokatu beharko du. Partida horiek irabaziko balitu, martxoaren hasieran izugarrizko lehia interesgarria edukiko lukete Fabrirenek egun sailkapenean bigarren den Murtziaren aurka, baina horretarako ez dago huts egiterik.
|