- Alemaniako Munduko Txapelketa
Irabazle sena ateratzeko unea iritsi zaie selekzioei
·Frantziak eta Kroaziak finala izan zitekeena jokatuko dute gaur
DONOSTIA
Gaur jokatuko diren final laurdenekin, Munduko Txapelketa bere fase erabakiorrean sartuko da. Kanporaketen etorrerarekin, galtzeko beldurra alde batera utzi eta irabazle sena ateratzeko unea iritsi zaie taldeei. Kalitatea garrantzitsua izango dela ez dago zalantzarik, baina aurtengo txapelketa hain berdindua izanik, burua hoberen kokatua dutenek abantaila handia izango dute.Orain arteko emaitzek irabazle sena duten bi selekzio elkarren aurka jokatzea erabaki dute. Hain zuzen ere, Kroaziaren eta Frantziaren arteko partida final bat izan zitekeen lasai asko, bi taldeek txapelketa irabazteko behar den guztia baitute. Kroaziarrek partida guztiak irabazi dituzte orain arte; frantziarrak, ordea, nahiko irregular aritu dira. Dena dela, orain arte egindakoak ez du inolako garrantzirik edukiko. Baieztapen hau arrazoitzeko, adibide bat besterik ez: inork ez zuen Frantziaren aurka jokatu nahi, bi partida galdu eta sailkatzeko eskubidea ematen zuen azken postuan bukatu duen arren. Claude Onestaren jokalariak kanporaketetan hazi egiten dira eta hori izango da Kroaziarren oztopo nagusia. Alemania eta Espainiaren arteko partidak ere ikusmin handia piztu du. Juan Carlos Pastorren mutilak burumakur daude, ez baitzuten etxekoen aurka jokatu nahi. Burua altxatu eta espainiar kirolariek izan ohi duten galtzaile sena uxatu beharko dute, kasu honetan jipoia jaso nahi ez badute. Izan ere, txapelketa gaizki hasi bazuen ere, Alemania oso sasoi onean iritsi da kanporaketetara. Partida horretako garaileak Frantziaren eta Kroaziaren arteko partidako irabazlearen aurka jokatuko du, eta horrek asko animatu ditu gainontzeko sailkatuak. Finalerako bidean lau faborito nagusiak elkarren aurka arituko dira eta horrek besteei ateak irekiko dizkie. Danimarka pozez gainezka dago, faboritoen alternatiba nagusia delako, eta horien aurka ez duelako jokatuko balizko finalera arte. Islandiaren aurkako «derbia» irabazi beharko du bere ametsa betetzen hasteko. Errusiak eta Poloniak jokatuko dute beste partida. Edonork irabazi dezake, orain arte ikusitakoaren arabera poloniarrak faboritoak direla ematen badu ere. Baina, gogoratu, orain artekoak ez du balio.
|