-Areto futbola
Hegoalde mailari eustetik geroz eta gertuago dago
DONOSTIA
Hegoaldeko neskak bolada onean dabiltza, eta hirugarren garaipena jarraian lortu zuten larunbat arratsaldean Valladoliden, Arturo Eyries taldearen aurka. Ondorioz, sailkapeneko erdikaldean kokatu dira. Horrekin batera, mailari eusteko beste urrats bat ere eman dute, jaitsierako postuak geroz eta atzerago geratzen ari baitzaizkie.Gipuzkoarrek 2 eta 3 irabazi zuten, baina emaitza hori lortu ahal izateko izerdi asko bota behar izan zuten, aurkariak ere ez baitzuen gaizki jokatu. Atsedenaldiaren aurretik aurreratu ziren urdinak. Sarak falta bat atera ondoren lehen gola igo zuen markagailura eta, ia aldageletara joateko ordua zenean, Maiderrek, penalti bikoitz bati esker, lortu zuen bigarren gola. 0-2koarekin joan ziren atseden hartzera eta bigaren zatian etxekoak gogor irten zuren kantxara, emaitza iraultzeko asmotan. Berehala lortu zuten gaztelarrek lehen gola, baina tolosarrek beste batekin erantzun zieten, eta 1-3koarekin, gauzak lehenean geratu ziren. Azkeneko minutuetan, ordea, Valladolidekoek gogor ekin zioten erasoari, eta tolosarrak bat gutxiagorekin aritu arren, ongi eutsi zieten, nahiz eta etxekoek gol bat egin zuten. Hala ere, Hegoaldeko neskak ongi aritu ziren eta garaipen eder batekin etxeratu ahal izan ziren. Orain astebeteko atsedena izango dute, datorren asteburuan ez baita Ligarik izango, eta horren ostean Zaragozaren aurka jokatuz itzuliko dira lehiaketara. Honako hauek jokatu zuten Hegoalde taldean: Arana,Maider, Salazar, Mariam eta Amaia. Sara, Iguntze, Edurne eta Itziar ere kantxaratu ziren partidan zehar. Hegoalde bederatzigarren postuan dago 21 punturekin.
Zilarrezko maila
Zilarrezko Mailan, gizonezkoetan, GSI Bilbok berriro ere garaipena eskuratu zuen. Oraingoan, Horcona Pinseque taldearen kantxan 2 eta 6 irabazi zuen. Bizkaitarrak dezente gehiago izan ziren eta argi eta garbi erakutsi zuten mailako talderik onenetakoa dela. Hala ere, bigarren postuan jarraitu beharko dute, lehen postu horietan ez baita ezer aldatu. Lehen postuan doan Manacorrek ere irabazi egin zuen eta lau puntu ateratzen dizkio GSI-ri.Perfiles Sintal, Lizarrako taldea, ongi dabil eta sailkapeneko goikaldeko postuetan jarraituko du, azkeneko jardunaldian etxean Butagaz Arzuaga menderatuta. Nafarrei uste baino gehiago kosta zitzaien irabaztea, baina azkenean puntuak etxean geratu ahal izan ziren. Maila horretan okerren dabilen taldea Alaves da.Gasteiztarrak atzeko postuetan dabiltza eta hortxe jarraitu beharko dute, azkeneko jardunaldian ere galdu egin baitzuten. Oraingoan, Tabicor Incaren kantxan galdu zuten 8 eta 5. Zuri-urdinek ez zuten partida txarra egin, baina izandako hutsegite apurrak ederki aprobetxatu zituen etxeko taldeak.
|