-Izotz Hockeya
Hormadi hasi da berriro ere irabazten
DONOSTIA
Azken boladako emaitza txarren ostean, Hormadik berriro ere garaipen bat lortu du, nahiz eta horretarako lan asko egin eta sufritu egin behar izan zuen Villard de Lans taldearen aurka, 4 eta 3 amaituz.Gauzak, ordea, oso gaizki hasi ziren gorri-berdeentzat, lehen zatian kanpotarrak 0-2 aitzineratu baitziren. Hormadik, gainera nahiko itxura eskasa eman zuen eta zaleak berriro ere beste porrot bat ikusi beharko zutelakoan geratu ziren lehen hogei minutuen ostean. Bigarren zatian, ordea, aurtengo Hormadirik onenetakoa ikusi zen eta aukerak bat bestearen atzetik sortzeko gai izan ziren. Daramik, Marechalek eta Rousselinek egin zituzten golak, eta partidari buelta eman zioten, 3-2 aitzineratuz. Bigarren zatian, zaleek aspaldian ez bezala gozatu zuten bere taldearekin. Hala ere, beste hogei minutu geratzen ziren jokatzeko eta edozer gerta zitekeen. Villard de Lansek ez zuen azkeneko sailkatuaren jauregian zerbait lortzeko aukera alferrik galdu nahi eta garaipenaren bila kantxaratu ziren. Lehen minutuan egin zuten gola, eta berdinketa ezarri zuten. Hormadi ez zen, ordea, kikildu eta garaipenaren bila joan zen. Favreauk egin zuen euskaldunen laugarren gola eta horrekin batera, aspaldiko partez, garaipena segurtatu zuten. Hala ere, sailkapeneko azkeneko postuan daude.
Txuri Urdin
Txuri Urdinek lehen fasea astindu handia hartuta amaitu zuten, 9-0 galdu baitzuen Puigcerdaren zelaian. Hala ere, azkeneko jardunaldi hau jokatu aurretik, postuak erabakita zeuden eta norgehiagoka horrek ez zeukan aparteko garrantzirik, nahiz eta galdu zuen moduan galtzeak min egiten duen. Hala ere, baja ugari eraman zituzten gipuzkoarrek eta hori nabaritu egin zuten. Bigarren fasean Majadahondaren aurka jokatuko dute, eta kanporaketa hori gainditzen badute, Puigcerda izango dute aurrez aurre. Lehen kanporaketak ez dirudi zaila, baina bigarrena ia ezinezkoa izango da.
|