Halaxe zioen mezuak. Emailaren gaiak momentuan irakurtzera bultzatu ninduen. Lehentasun edota kezka kontuak, kuriositate aire batekin. Lagun batek bidali zidan. Lagun batek bidali zigun. Mezua ireki eta helbide elektroniko andana ikusi nuen. Masiboki berbidalitako emaila zen: poema bat, argazki bat, bideo bitxiren bat bidali edota Telefonicaren iruzurren berri ematen digun mezu bat bailitzan. Baina ez zen hori bakarrik. Mezu honek gure berbidalketa masibo propioa baino gehiago eskatzen zigun. Interneteko euskarazko entziklopedia librea elikatzera deitzen gintuen. Gu, erabiltzaile euskaldunok. Euskararen eremu birtualean euskarazko Wikipedia euskaldunen eza- gutza eta ekarpen kolektiboaren fruitua da [http: //eu.wikipedia.orghttp://eu.wikipedia.org/>]. Euskarazko Wikipedia beraren arabera, «Wikipedia wiki teknologian oinarritutako entziklopedia librea da, hau da, web nabigatzaile batetik edozein erabiltzailek sor zein alda dezake artikuluen edukia». Euskarazko Wikipediak elkarren beharra duten hiru elementu garrantzitsu biltzen dituela esan daiteke: euskara, ezagutza kolektiboa eta elkarlana.
Euskara
Wikipedia erreferentzia gero eta garrantzitsuagoa da Interneten. Internet non, euskarazko Wikipedia han. Eta gainera guk geuk eraikitakoa da. Guk nahi eta behar ditugun sarrerak jasoko dituen hiztegi erraldoia da euskarazko Wikipedia. Guk nahi dugun bezain zabala izan daiteke euskarazko entziklopedia librea. Wikipediak hizkuntza gutxi- agotuen ateak ere ezagutzen ditu, sartzeko edota irteteko. Euskarari mundura begirako leihoa irekitzen dion tresna bat gehiago da Wikipedia: euskararen territorio birtual librearen zati. Mundu hain globalizatuaren azpiegituraren oinarri den Interneten, euskara kalitatezko hizkuntza global bihurtzen laguntzen duen tresna eraginkor eta kolektibo bat da Euskarazko Wikipedia.
Ezagutza kolektibo banatua
Internetek guztia klik bateko distantzian kokatzen du. Ez dago espazio dimentsiorik. Askok eta askok lan egin dezakegu proiektu kolektibo berean, Euskal Herrian nola atzerrian. Guztion ezagutzak bat egiten duen eremu global eta anitza da Wikipedia: euskarazko ezagutzaren memoria kolektibo dinamikoa. Guztion ezagutzaren memoria, gure ekarpen kopurua bezain dinamikoa izango dena. Wikipedia elikatzeko ez da ezagutza informatiko berezirik behar. Interneteko edozein erabiltzailek egin dezakeen ariketa da. Emailean euskarazko Wi-kipediako ongietorri orri- ra gonbidatzen gintuzten [http://eu.wikipedia.org/wiki/Wikipedia:Ongi_etorria]. Bertan era guztietako laguntza aurki dezakegu: nola egin ekarpenak euskarazko Wikipedian, nola idatzi sarrerak eta baita ezer gutxi dakitenentzat Wikipedia tutoriala ere.
Elkarlana
Elkarlana Web 2.0 kontzeptuak bere baitan biltzen duen lan-eredua da. Wikipedia bera 2.0 fenomenoaren adibiderik garbiena da. Internet erabiltzaileek elkarlanean sortu eta mantendutako tresna da Wikipedia. Batek BAP! taldearen sarrera sortu dezake, beste batek Itoizko Urtegiaren ingurukoa. Edota berrikuntza kontzeptuaren definizioa. BAP, Itoitz [urtegiari dagokionean] eta berrikuntza hitzak definiziorik gabeko sarrerak dira uneotan eus- karazko Wikipedian. Azalpena merezi duela pentsatzen duzuen edozer izan daiteke euskarazko entziklo- pedia librearen sarrera bat. Irizpide orokorrak eta ahal bezain objektiboenak erabiliz idaztea nahikoa da.
Beste lagun batek esana zidan behin: «euskara komunikatzeko tresna bat baino gehiago da, euskara mundua ikusteko modu bat ere bada». Eta ez zitzaion arrazoirik falta. Internetek mundua ikusteko modu hori entziklopedia libre batean biltzeko aukera ematen digu: elkarlanerako tresnak eskaintzen dizkigu. Eta euskarak euskarazko Wikipedia duin bat behar du. Hori guztia trasmititu zidan mezuak. Eta noski, nik ere berbidali nuen emaila. Lehentasunezkoa zen. Eta kezka sortzeko modukoa. Baina azkenean kuriosoa ere bai. Euskarazko Wikipediaren elikatzea erabiltzaile euskaldunon ardura da soilik. Gure esku dago. Inork ez digu mugarik jartzen, alderantziz: guk geuk jarritako mugak bakarrik existitzen dira Wikipediaren geografian. Animatu, idatzi. Elikatu, eraiki. -