GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2007-01-30
«Gelatxo» musikariaren hauspo handiak arnasa hartzeari utzi dio
Pedro Sodupe, «Gelatxo», atzo goizaldean hil zen, 78 urte zituela. Haren arimaren aldeko hileta-elizkizunak gaur izango dira Elgoibarko parrokian, arratsaldeko 7etan. «Nolako enborra halako ezpala» esaerari jarraituz, oso musikari garrantzitsua izan zen Gelatxo. Aitagandik eta, oro har, zaharrengandik ikasitako errepertorio herrikoia transmititu eta nabarmen aberastu zuen.

DONOSTIA

Elgoibarko Agarre baserrian jaio zen Pedro Sodupe Esnaola, 1928ko otsailaren 22an. Beraz, 79 urte egitera zihoan. Bere aita, Manuel, «XX. mendearen erdialdeko trikitilari guztien ikurra izan zen», idatzi du inoiz Mielanjel Haranak. Harengandik (baita Juliana amagandik ere) jaso zituen Pedrok musikazaletasuna eta ezizena bera: “Gelatxo”.

Hamar urterekin, aitari laguntzen zion pandero-jotzaile (eta plazetan diru biltzaile) gisa. Dantzari txapelketetan ere parte hartzen zuen, arrakasta handiarekin, gainera.

Aitak soinu txikia bere kabuz jotzen ikasi bazuen ere, Pedrok hamar-hamabi urterekin musika eta tronpeta ikasketak hasi zituen, Lorentzo anaia zaharrari (hura ere trikitilaria) laguntzeko asmoz. Alabaina, 16 urte zituela, tronpetarekin aspertu eta trikitia ikasten hasi zen anaiarekin. 19 urterekin, berriz, soinu handira pasatu zen, Inazio Bereziartua organistaren lezioetara hobeto moldatzeko. “Angiozarko Itxua”rekin ere ibili zen ikasten.

1998an, Mielanjel Haranak, Joseba Tapiak eta Aingeru Bergicesek “Gelatxo” liburua plazaratu zuten, eta bertan nabarmendu zutenez, Pedro Sodupe soinu txikiarekin Santa eskerako-eta moldatzen bazen ere, historiara pasatu bada, soinu handiarekin pasatu da. Jo behar zen guztia jotzen zuen, dotore gainera, baina birtuosismo erakustaldirik gabe, betiere dantzarien zerbitzura.

Gelatxoren jazbana

Esan daiteke ez dagoela, Gipuzkoan eta Bizkaian bederen, Gelatxok ezagutzen ez zuen herri, auzo, plaza edo baserririk. Izan ere, sarri jotzen zuen baserrietako ezkontzetan. Bizpahiru egun irauten zuten. Gainera, puntako soinu-jotzailea zelako, puntako bertsolariekin aritzen zen, esaterako, Uztapide eta Basarrirekin. Kaleko ezkontza asko ere alaitu zituen, baina hori geroago izan zen.

Hasieran, bakarrik aritzen zen. Gero, berriz, konjuntuen modari jarraituz, jazbana osatu zuen: soinu handia, bateria eta saxoa. Garai batean, trepetak oinez edo bestela, astoz-eta eramaten zituzten. Alabaina, 1953an vespa bat erosi eta horrekin mugitzen hasi ziren batera eta bestera hiru taldekideak, trepeta eta guzti.

Esan bezala, Pedro Sodupek soinu handia jo du, baina trikitixa barru-barruan eramanda. Trikitixak izan duen bilakaeran berebiziko garrantzia izan du. Aitaren errepertorioa transmititzeaz gain, bandetatik eta txistulariengandik etorri den errepertorioa ere berak soinuratu zuen. Trikitilariek musika ikasketarik ez zuten garaian, Pedro ezinbesteko zubi bihurtu zen piezak ezagutarazteko. Berak sortutako piezak ere baliatu dituzte trikitilari ospetsuenek. Adibidez, Laja eta Martinen diskoetan ageri diren pieza asko bereak dira. 2001ean, Pako Aristik liburu bat dedikatu zion. Aurkezpenean, Gelatxok berak gogoratu zuen egunero entzuten zuela irratian bere piezaren bat, pieza herrikoia balitz bezala aurkeztua.

Gelatxo jubilatu eta «azken» agerpen publikoa 2002an egin zuen, Nazioarteko Trikitixa Jaialdian. Hala ere, modu batean edo bestean, ia-ia azken une arte jarraitu du soinua jotzen.



«Soinu bat paparrean» (*)
Pako ARISTI | IDAZLEA

«Gelatxo» esatea suaren ondoan historia zaharrak berritzen hastea da.

«Gelatxo» esatea garai bateko erromerien hotsa entzutea da.

«Gelatxo» esatea existitzen ez den mundu bat berpiztea da.

«Gelatxo» esatea bere aportazioa egin ondoren orain mundutik kanpo dagoen musiko bat edo musiko talde bat berpiztea da.

Halere, «Gelatxo» esatea geure musikaren parte zenbateraino den geuk ere ez dakigun gizon bat aipatzea da.

«Gelatxo» esanda gizon bat ikusten dugu, besoak zabalduta. Eta besoen artean soinu handi bat dauka, tekladuna. Beti. Ikusi ditudan haren ehundaka argazkietan soinua dauka beti paparrean.

Txantxangorriak papar gorria dauka. Aizkolariak papar zabala. Gelatxok soinu bat dauka paparrean.

Hatzak mugituz soinua ireki eta itxi egiten duen bitartean, Gelatxoren aurpegian irribarre antzeko keinu bat agertzen da. Baina ez da irribarrea. Esfortzua da, txirrindulari asko aldatsaren bukaeran irribarrez doazen irudipena ematen digun neke hori bera. Baina ez da hori bakarrik.

Soinua jotzen duen gizon horren aurpegiko keinua aspaldikoa delako. Urrundik datorren historia bat kontatzen digu. Zaletasun baten kronika, sendiartearen historiari jarraitu dionaren kronika. Harrotasuna ere badago beraz keinu horretan. Hutsik egin ez duenaren lasaitasuna ere bai. -

(*) “Gelatxo, soinuaren bidaia luzea” liburutik hartutako testua.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Klima aldaketa: argiago, azkarrago
Euskal Herria
Miles de personas denuncian en Bilbo la «politización de la Justicia»
Euskal Herria
Milakabilaka busca el protagonismo de los ciudadanos en la marcha del día 3
Euskal Herria
El juez Garzón decreta prisión incondicional para Iker Agirre
Euskal Herria
Un cabo y un sargento del Ejército español mueren durante unas maniobras
Ekonomia
Critican que aún no se sepa para quién trabajaba el obrero muerto en Gasteiz
Mundua
El primer atentado suicida desde abril provoca cuatro muertos en Israel
Kultura
Mauletarren lehen maskarada larunbatean
Kirolak
La recuperación de Xala se convierte en la mejor noticia de una tarde gris
Jendartea
Los expertos acortan los plazos sobre el calentamiento global
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea |  rss