NEW DELHI
Indiako Patenteen Legea 2005eko urtarrilaren 1ean sartu zen indarrean. Araudiak jasotzen duenez, patenteak merezi dituzte, 1995az geroztik, berritasuna dakarten produktuek edota eraginkortasuna handitzea dakarten botika beraren bertsioek. Horiek horrela, 2006ko urtarrilean minbiziaren aurkako Gleevec botikari patentea ukatu zion Indiak. Estatuko agintarien arabera, legediak «benetako berritasunentzat» soilik baimentzen ditu patenteak eta botika berria «sustantzia ezagunen forma berri» gisa definitu zuten.
Agintarien ezezkoaren aurrean, farmazia enpresa suitzarrak Gleevec botika gorputzak modu errazagoan barneratzen duela argudiatu eta patenteen gaineko legedia epaitegietara eraman zuen. Izan ere, Novartis farmazia enpresak botika horren ekoizpenaren bakarkako eskubidea mantendu nahi du, eta horregatik Indiako enpresei botikaren bertsio berriak egiteko patenteak ematearen aurka agertu da. Enpresa suitzarrak epaiketa irabaziz gero, enpresa indiarrek debekatua lukete Gleevec botikaren bertsio generikoak egitea.
Epai bideetara jotzeko erabakiak kritika gogorrak eragin ditu mediku talde humanitarioen aldetik; Izan ere, taldeon ustez, enpresa suitzarrari epaitegiek arrazoia emanez gero, eragin itzela izango luke garapen bidean dauden herrialdeetako biztanleek botikak eskuratzeko duten ahalmenean. «Garapen bidean dauden herrialdeen farmaziak ateak itxiko lituzke».
Indian, biztanlegoaren herena pobrezia egoeran dagoelarik, Novartis enpresaren botikaren hilabete osoko trata- mendua 120.000 rupia (2.100 euro) kostatzen da, generikoen prezioa 8.000 rupiakoa (140 euro) delarik.
Mugarik Gabeko Medikuak taldeko ordezkari den Unni Karunakararen esanetan, Indian gertatzen denak, «eragin itzela izango du Indiatik kanpo ere. Patenteen Legea aldatuz gero, estatu hau lehortu egingo da eskuragarri diren botiken iturri gisa». Erakundeak martxan duen kanpainarekin jada 150 estatuetako milioi laurden pertsonek egin dute bat.
Beste enpresentzat eredu
Alabaina, askok uste dute botika alternatiboak ekoizteko babes legala bilatzen duten hainbat farmazia enpresek bide bera hartuko dutela. Botika horiek egun India bezalako estatuetan merkeago ekoitzi eta banatzen dira.Arrazoi horiek direla medio, atzo, epaiketaren lehen egunean, ehunka lagun batu ziren Indiako hiriburu New Delhin. Bien bitartean, Chennaiko (Madrasko) Auzitegi Gorenean prozesua atzeratzea erabaki zuten enpresa suitzarraren informea aztertzeko denbora gehiago hartzeko. Iragarri zutenez, otsailaren 15ean erabakiko du epaileak Novartis enpresaren salaketa bideratuko duten ala ez.