EHEko 12 kide azaroko panel-ezabaketaz deklaratzera deitu dituzte
MAULE
Zuberoako Euskal Herrian Euskarazek (EHE) jakinarazi du kultur eta hizkuntza alorrean lan egiten duten hamabi bat eragile Mauleko Polizi etxera deituak izan direla azaroan egindako ezabaketa astean ezabatuak izan ziren errepideetako hainbat panelen inguruan deklaratzeko.Gaur eta bihar aurkezteko agindua duten arren, ez direla bertara joanen adierazi dute deituak izan direnek «ez baitugu alferrik galtzeko denborarik». Alta, Atharratzeko eta Mauleko kantonamenduetako kontseilari nagusiei, Michel Arhanceti eta Jean-Pierre Miranderi hurrenez hurren, jasotako deialdiak igorriko dizkietela esan zuten «beren ardurak har ditzaten». Izan ere, EHEren esanetan, Zuberoan apenas dagoen seinalerik euskaraz «eta daudenak Zuberoako Herri Elkargoak ezarritakoak dira». Paueko Kontseilu Nagusiak ezarriko dituela behin baino gehiagotan agindu duen arren, «oraindik ez du fitxik egin, are, ezabatutakoak ordezkatuz, ezarri berri dituenak erdara hutsez» direla salatu du EHEk.
Brisson, haserre
Ezabaketa eguna azaroaren 18an egin zen Zuberoan eta errepideetako seinale eta eraikin ofizialetako panel mordoa izan ziren ezabatuak. Aste pare bat geroago, Max Brisson Euskara Erakunde Publikoaren lehendakariak, Jean-Jacques Lasserre Kontseilu Nagusiko le- hendakariarekin egindako agerraldi publiko baten karietara, Zuberoan gertatutakoa salatu zuen horrelako ekintzak euskararen kontrakoak direla nabarmenduz.80.000 euroko kalteak izan zirela gehitu zuen Brissonek. Horrelako metodoak erabili edo babesten dituztenak ez dutela, inolaz ere, hizkuntza laguntzen gaineratu zuen, erakundeek euskara bultzatzeko borondate argia izan dutela garbi utzi ostean.
|