Ertzaintzaren jokaera onetsi eta lasaitasuna eskatu du Imazek
IRUN
Josu Jon Imaz EAJko buruak ez zuen atzo inolako damurik agertu azken egunotan Ertzaintzak eragindako istiluen aurrean, zauritu ugari ekarri duten arren. Aldiz, Irunen egindako ekitaldi batean, EAJk haren jokabidea «ulertu eta lagundu» egiten duela aipatu zuen. Hala, Batasunari «denbora agortzen» ari zaiola azaldu zuen, eta konponbiderako ETAk armak uztea beharrezko dela gehitu zuen.Ertzaintzarena ez ezik, euskal erakundeen «eginbeharra» hauxe da, Imazen hitzetan: «Legea betetzea eta legea betearaztea». Ondorioz, ez dio azken egunetako jokaerari inolako kritikarik egin. ETAk hil zuen Montxo Doral Ertzaintzako buruaren oroimenezko ekitaldian hartu zuen parte Josu Jon Imazek, Irungo hilerrian. Han, Bilbon Arnaldo Otegik EAJri zein Lakuari egindako kritiken inguruan galdetu zioten. Hauxe erantzun zuen EBBko agintari nagusiak:«Bonbek, egoitzen aurkako erasoek, pertsonen aurkako erasoek eta mehatxuek jarraitzea jasanezina da. Euskal gizarteak duen itxaropenari bide ematea nahitaezkoa da, guztiok politikaren eta demokraziaren aldeko apustua egitea, bai eta indarkeriaren bideak bazter- tzea ere».
«Denbora agortzen ari zaie»
Batasunaren aurka egin zuen gero Imazek:«Duela 16 hilabete indarkeria Euskadiko kaleetatik atera behar zela esan zuen Anoetan, baina 16 hilabete pasa dira, denborak aurrera egin du eta denbora bukatzen zaie. Urratsak emateko unea da, urrats tinkoak». Haren ustez, Batasunak ETAri jarduera eteteko esango balio, «alderdien betebeharra elkarrizketa gauzatzea eta elkarbizitza eraikitzea» izango dira, betiere euskal gizartearen erabakiak errespetatuz.Hori guztia esan ondoren, «lasaitasuna» eskatu zuen Josu Jon Imazek, egunotan Miren Azkaratek edo Juan Jose Ibarretxe lehendakariak egin duten antzera. «Ez dugu perspektiba galdu behar, indarkeriarik gabeko elkarbizitza behin betiko egonkortzeko», adierazi zuen Imazek.
|