Bolivia berriaren eraketa abian ipini du Kongresuak
Evo Moralesen Gobernuak oposizioaren sostengua lortu du Kongresuan Boliviaren egituraketa politikoa aldatzeko prozesua abian jartzeko. Aberri berria herritar ororen partaidetzarekin osatuko dute, eta lehengo urratsa uztailaren 2an egingo dute; Konstituzioa idatziko duen Asanblada Eratzaileko kideak aukeratuko dituzte.
LA PAZ
Boliviako funtzionamendu politikoaren goitik beherako berregituraketa, Evo Moralesen hauteskunde programaren konpromiso nagusietakoa, bidean jarri zuen Kongresuak zapatu gauean. Sozialismorantz Mugimendua (MAS) Gobernuko alderdiak erakunde horretan gehiengoa duen arren, oposizio kontserbadorearen sostengua beharrezkoa zen egitasmoa aurrera ateratzeko. Nolanahi ere, lau eguneko eztabaida gogorren ostean, adostasuna lortu dute.Bolivia berria eratzeko lehen urratsa Asanblada Eratzailea osatzea izango da. Bozketa baten bidez egingo dute herritarrek, eta 255 kidek osatuko dute. Hautagaiak alderdi politikoak izan daitezke, baita heritarren elkarteak ere. Hautagaien %33k emakumezkoa izan beharko du. Bozak uztailaren 2an egingo dira, eta kanpoan bizi diren boliviarrek ere bozkatzeko eskubidea izango dute. Aukeratutakoek Konstituzio berria idazteko ardura izango dute. Lanak Sucre hirian hasiko dituzte abuztuaren 6an, Boliviaren independentziaren egunean, eta idazteko prozesuak gehienez urtebete iraungo du. Konstituzioa idatzita, herritarrek onartu ala ez erabakiko dute, erreferendum lotesle baten bidez.
Indigenek hasitako borroka
Asanblada Eratzailearen lanaren emaitzak «herri boliviarraren bigarren askapena» ekarriko duela esan dute ekimenaren aldekoek, lehenengo aldian, Estatu espainiarretik independentzia lortu zuenean 1825. urtean, herritar guztiek ez zutelako aberriaren osaketan parte hartzerik izan. Oraingoan, ostera, guztien parte-hartzea bermatzeko modua egongo dela agindu dute.
Asanblada horren eskakizuna aspaldikoa zen. Joan den hamarkadaren hasieran zenbait indigena taldek hasi zuten horren aldeko borroka, egungo sistema politikoak sektore guztien eskubideak bermatzen ez zituelako, haien iritziz. 2005ean izandako herri mobilizazio handietan aldarrikapen hura berpiztu eta sektore gehiagotara hedatu zen.Herritarrek 2003. urteko matxinadan Gonzalo Sanchez de Lozada presidentea agintetik kanporatu zutenean, horren ordezko Carlos Mesak Asanblada Eratzailea osatzeko konpromisoa hartu zuen. Baina gizartearen egonezina sakonegia zen ordurako, eta bi urteren ostean Mesa ere kanporatu zuten.
Autonomistak, gazi-gozo
LA PAZ Asanblea Eratzaileko kideez gain, uztailaren 2an departamenduen autonomia handitu ala ez erabakiko dute herritarrek erreferendumean. Santa Cruz, Tarija, Beni eta Pando departamendu aberatsek autonomia gehiago nahi dute, baliabide naturalen etekinak bereganatzeko asmoz. Dena dela, zapatuan onartutako erreferendumean ez da eskakizun hori jasotzen. Autonomia gehiagoren alde bozkatu duten departamenduek ahalmen exekutibo gehiago eta arau administratiboak egiteko eskubidea edukiko dute, baina departamenduen finantzazioak Estatuaren eskumen izaten jarraituko du.
|