Urumeako autobidearen proiektua alda dezatela eskatu dute urnietarrek
Urumeako saihesbideak Urnietan izango dituen ondorioak salatu eta Gipuzkoako Diputazioan aurkeztu duten alternatiba aintzat hartzeko eskatu zuten atzo herritarrek. Prozesuan izan duten parte-hartzea «hutsaren hurrengoa» izan dela salatu, eta eragina jasango dutenak eurak izango direla ekarri zuten gogora.
URNIETA
«Ez dugu ulertzen Diputazioak nolatan adostu duen halako ibilbidea, urnietarrei horrenbeste kalte eragin gabe autobidea eraikitzea posible izanik». Hori azaldu zuten atzo Urnietan Urumeako saihesbidearen aurkako manifestaldian batu zirenek. Berrasoetako bizilagunen elkarteak, Arnasa plataformak, Urka Berri poligonoko kideak eta, orokorrean, autobidearen ondorioak jasango dituzten urnietarrek saihesbidea egiteko «era zuzenagoak» badaudela aldarrikatu, eta Gipuzkoako Diputazioak zein Urnietako Udalak hartu duten jarrera gogor salatu zuten.
Etxebizitzatik 60 metrora
Ekimenaren antolatzaileek azaldu zutenaren arabera, saihesbidearen ondorioz herriko Ziburio, Lekun eta Amorzategi baserriak eraitsiko dituzte, eta proiektuak zenbait poligono industrialetan ere eragingo du. Berrasoeta auzoko biztanleak ere kaltetuko ditu autobideak, «euren etxebizitzetatik 60 metro eskasera» pasako baita autobidea eta, horrekin batera, 50.000 ibilgailu. Antolatzaileek nabarmendu zuten badaudela kalte horiek ekiditeko moduak. Ziburio inguruan tunel artifizialak eraikitzea, Lasarteko bidegurutzean aurreikusia dagoen tunela luzatzea, eta Berrosetako basoaren azpian tunela egitea proposatu dute. Azken neurri horrek proiektuak IAT inguruan dagoen lotura 300 metro atzeratzea ekarriko luke, baina, alternatibaren sustatzaileen iritziz, «kalte nabarmenenak» ekidingo lituzke; hau da, baserririk ez botatzea, Berrosetako basoa dagoen moduan uztea, eta bertako auzotarrengan izango dituen kalteak gutxitzea. «Kontuan eduki behar da kutsadurak gora egingo duela nabarmen. 50.000 ibilgailuk eragiten duten kutsadurak nonbaitetik irten behar duela badakigu, baina babes funtzioa izango duen tunela ezarriko balitz, zuzeneko inpaktua ekidingo genuke», zehaztu zuten. Berrosetari dagokionean, Gipuzkoako Diputazioak ingurumen azterketa «oker» egin duela salatu zuten eta inguru horretan XIX. mendeko karobiak, bostehun urteko hariztiak eta babesturiko espezieak daudela ekarri zuten gogora. Ekimeneko kideek Gipuzkoako Aldundian eta Urnietako Udalean proiektuaren aurkako 900 sinadura eta alegazioak aurkeztu dituzte, baina, ziurtatu zutenez, erantzun bakarra «isiltasun administratiboa» izan da: «Bideragarria den ibilbide bakarra eurek proposatzen dutena dela esan dute, proiektuarekin hamar urte daramatzatela, eta atzera botatzeko beranduegi omen da. Gogorarazi nahi diegu herritarrek parte-hartzeko modua orain bi urte eman zela, eta gurekin inork ez duela negoziatu, ez zaigula galdetu eta gure eskariek ez dutela erantzunik jaso». Urnietarren hitza eta interesak kontuan hartzen ez dituzten artean ekimenak antolatzen jarraituko dutela iragarri zuten antolatzaileek.
«Udal taldea herritarrak defendatzeko baino, Diputazioari men egiteko dago»
Mikel IZAGIRRE | Saihesbideak eragindako urnietarren bozeramailea
Urnietarrak haserre azaldu ziren, Gipuzkoako Diputazioko bozeramaileak Urumeako saihesbideak eragindako desjabetzea zein herritarrak prozesuan izaten ari diren partehartzea «eredugarriak» izan direla esan baitzuen. Zer iritzi duzu herritarrek halako
prozesuetan parte hartzeko duten aukeraren inguruan? Horretarako aukerarik dugun ere zalantzan jartzen dut. Egiten ari direna pailazokeria hutsa da; herritarrek parte hartu nahi dutenean, ez zaie kasurik egiten, eta gero esaten dute guk parte hartzea nahi dutela. Nor engainatu nahi dute? Batzar Orokorretan herritarrekin izan den negoziaketa prozesua eredugarria izan dela esan dute, baina guri inork ez digu ezer galdetu. Urnietako Udalak zer jarrera izan du
prozesu honetan? Urnietan daukagun Udal taldea herritarrak defendatzeko baino Diputazioari men egiteko dago. Bi urte hauetan alegazioak aurkeztu ditugu eta demanda judiziala ere sartu diogu Diputazioari. Erantzuna isiltasuna izan da. Egiazko parte-hartzerik ez da izan. Atzera egiteko beranduegi dela argudiatu
dute. Proiekturen batean parte hartzeko nahia erakusten dugunean berandu iritsi garela esaten digute beti. Gauza bera esan zuten errauste-planten eta Lemoizen kasuan. Erantzun dieguna zera da; gauzak ondo egiteko inoiz ez dela berandu. - A. A.
|