- Sokatira (Euskal Herriko Txapelketa) -
Abadiñok, aurreikuspenak betez, 600 kiloko txapela bereganatu du
·Denboraldiko bigarren garaipena lortu dute, 640 kilotan ere nagusi izan baitziren
DONOSTIA
Abadiñok aurreikuspen guztiak bete zituen, eta 600 kiloko txapela jantzi zuten, herenegun Arrigorriagan jokatu zen finalean. Orain arte, 640 eta 600 kilotan amaitu da Euskal Herriko Txapelketa, eta bietan txapela jantzi dute berdeek.
Saioa hasi aurretik Abadiño zen garaipena lortzeko faboritoa, baina zalantza batzuk bazeuden, lehen faseko ligaxkan Gatikak bi saio irabazi baitzizkion. Baina azkenean faboritoek azkeneko egunean ez zuten hutsik egin, eta txapela ereman zuten etxera.
Aurrez pentsa zitekeen moduan, Abadiñok lehiarik estuena Gatikarekin ukan zuen, baina hura ere irabazi zuen, eta garaipena lortzeko bidea erabat bigundu zitzaion. Denboraldiko bigarren txapela jantzi zuen, eta goma gainean onenak direla erakutsi. Oraindik beste bi txapel ere geratzen dira, baina horietan ere haiek izango dira faboritoak.
Bigarren posturako, Altamira ahalegindu zen ezustea ematen. Gatikak Abadiñorekin galdu izana aprobetxatu nahi zuten, baina ez zuten lortu garaipena, eta azkenean Gatikak eskuratu zuen zilarrezko domina, Abadiñorekin bakarrik galduta. Hirugarren postuan izanik, brontzezko domina eraman zuen Altamirak. Etxean aritu zen, zaleen animorik ere ez zuen falta izan, baina hala ere hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuten.
Abadiño Bk ere nahi zuen dominaren bat.Bazekiten lehen bi postuak zailak izango zirela, eta horrela izan zen, bai Abadiñorekin, baita Gatikarekin ere galdu egin baitzuten. Altamirarekin ere gauza bera egin zuten, eta Auzolan eta Arrizkozubi mendean hartuta, laugarren postuarekin konformatu behar izan zuten.
Sailkapeneko azkeneko postutik ihes egiteko borroka dezentea iragartzen zen, eta horrelaxe izan zen Auzolan eta Arrizkozubiren artean. Bi taldeak estraineko helburua lortuta zuten, finalean sartzea, eta bigarrena azkena ez geratzea zuten. Gainerako taldeekin galdu, eta elkarren arteko deman, gipuzkoarrek irabazi zuten. Horrek bosgarren postua eman zion Auzolani, eta Arrizkozubik azkeneko postuan geratu behar izan zuen, ezin izan baitzuen saio guztian tiraldi bat bera ere bereganatu.
Sailkapena
Hurrengo jardunaldia datorren igandean jokatuko da Oiartzunen, eta hantxe izango dira mutilak, 560 kilotan lehiatzeko. Estraineko jardunaldia izango da pisu horretan. Neskak ere arituko dira 480 kilotan, eta horientzat, berriz, bigarren jardunaldia izango da.
|