- Alaves
Partidak luzeegiak egiten ari zaizkio eta garesti ordaintzen ari da
·Azken lau partidetan zazpi puntu galdu ditu bigarren zatietan Pitermanen taldeak
GASTEIZ
Partidak luzeegi egiten ari zaizkio Alavesi azkenaldian, eta oso garesti ordaintzen ari da Pitermanen taldea azken minutuetan izaten ari den txakalaldiak. Gauzak horrela, eta puntuak inoiz baino beharrezkoago dituen une honetan, zazpi puntu utzi ditu talde gasteiztarrak azken lau partidetan, amaieran jasotako golen erruz.Getaferen aurka Güizak 92. minutuan sartutako golak eskuan zituen bi puntuak kendu zizkion talde gasteiztarrari, eta ordutik aurrera, makalaldi garrantzitsuak izaten ari dira babazorroak. Alaves Malagaren aurka Mendizorrotzan 3-0 irabazten ari zen, eta asko sufritu behar izan zuen, beste munduko ezer egin gabe, Manolo Hierroren taldea 3-2 hurbildu baitzitzaion. Garaipen horrekin arnasa hartu zuen Juan Carlos Olivaren taldeak,jaitsiera postuetatik ihes egiteko modua izan zuelako, baina bere egoak jota, Pitermanek entrenatzailea botatzea erabaki zuen, eta aldaketa horrek zulo beltzean sartu du taldea, jokoan ziren bederatzi puntuetatik bakarra eskuratu baitute.
Bi aldiz aurretik
Entrenatzaile aldaketak eraginda, taldea hankaz gora zuela agertu zen Alaves Santiago Bernabeura, eta lehen minutuetan egindako akatsek punturik urratzeko inolako aukerarik gabe utzi zuten Pitermanen taldea. 3-0 galdu zuen.Kontraerasoan jokatzen duen taldea izaki, markagailuan aurre hartzeak oso garrantzitsua behar luke Alavesentzat. Babazorroak azken bi partidetan lau aldiz jarri dira markagailuan aurretik, eta puntu bakarra eskuratzeko gai izan dira. Racingen aurka etxean, 1-0 eta 2-1 aurretik jarri ziren iragan astean 34. minuturako, baina bigarren zatian kantabriarren mende egon ostean, Dalmatek berdinketaren gola lortu zuten 69. minutuan eta hiru puntuak Santanderrera eramatea ere merezi izan zuen Manolo Preciadoren taldeak. Larunbatean gauza berbera gertatu zen, baina parean zuten taldea Racing izan beharrean Txapeldunen Ligan ari den Villarreal zen, eta 63. minutuan 2-1 atzetik zen arren, ez zen berdinketarekin konformatu, eta merezitako garaipena eskuratu zuen Riquelme argentinarraren gidaritzapean. Fisikoki nabarmen egin du behera taldeak, eta aulkitik ez dira gai partidak behar bezala irakurtzeko.
Aulkiak ez du konponbiderik eskaintzen
GASTEIZ Juan Carlos Oliva bota zuenetik, entrenatzaile baten falta nabarmena ari da pairatzen Alaves. Mario Lunak utzi dion karnetarekin, Dimitry Pitermanek hartu nahi izan du ardura guztia, eta gero eta argiago gelditzen ari da ukraniarrak ez daukala lan horietan jarduteko ahalmenik. Kritika guztiak bat datoz Alavesek entrenatzailea behar duela adierazterakoan; izan ere, erabakiak berandu hartzeaz gain, hartu dituenak ez diote batere lagundu taldeari. Bernabeun zelaira irten aurretik galdu zituen puntuak Alavesek, astean zehar izandako liskar guztien erruz, baina azken bi neurketetan, ukraniarrak ez du jakin izan taldeari behar zuenean aldaketekin airea ematen. Egindako neguko fitxaketengan inolako konfiantzarik gabe, egiten dituen aldaketak aurrez pentsatuta izango balituzte bezala ari dira azkenaldian, eta Bodipo izaten ari da kaltetuena. Azken hiru partidetan ez du partida amaitu sevillarrak. Aurrean indartsu aritzeaz gain, defentsan asko laguntzen duen jokalaria izaki, taldea kalteturik dago, batez ere estrategia jokaldietan.
|