GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-03-14
Zigorren mundua ezagutzeko aukera ematen duen erakusketa Angeluko Beatrix Enean
·Lehen aldiz, artista aretxabaletarraren eskulturak eta margoak elkarrekin ikusi ahal izango dira

Kepa Akixo «Zigor» euskal eskultore, margolari eta poetaren azken bost urteotako lanak biltzen dituen erakusketa Angeluko Beatrix Enea landetxean ikusi ahal izango da apirilaren 21a arte. Herriko besten karietara, Zigorren egurrezko eta brontzezko eskulturak eta paper eta kartoi gaineko margoak aurkeztuko dituzte. Errealitate grafikoa modu abstraktuan irudikatzen duten albo zuhaitzaren egurrezko eskulturak dira erakusketan nagusi.

ANGELU

«Bakoitza bere ametsarekin/ dantzan, eta musikarekin zubi/ gainean bihotz golpeak/ elkartuko dira». “Dantza III.a” eskulturaren ondoan dagoen Zigorrek idatzitako poesia bat da hori. Angelun jarri duten erakusketa hainbat gauzak egiten dute apartekoa, eta bereziki artistaren mundua eta haren eskulturen muina ezagutzen laguntzen duten hainbat giltzek osatzen dute Zigor artistaren erakusketa. “Dantza III.a” lanean, hainbat pertsona agertzen dira dantzan, musikak eta kulturak lotuta, eta olerkiari esker, eskultore-poetak artelana egitean adierazi nahi duena uler dezake ikusleak.

Angeluko Beatrix Enean, «atsegina den eta nahikeriarik gabeko» landetxean, erakusketa intimista bat antolatu dute Herriko Etxeko Kultura Zerbitzuak eta Zigor eskultore, margolari eta poetak. Azken bost urteetako ibilbidearen adierazle diren hirurogeita hamar artelan inguru jarri dituzte. Gehienak 1983tik eskultoreak nagusiki erabiltzen duen albo zurarekin eginak dira.

Jaiotzez aretxabaletarra da Kepa Akixo Zigor, eta batez ere eskulturengatik da ezaguna; formatu hori da erakustaldiaren muina. Brontzez eta zurez egindako eskulturen artean gai asko eta askotarikoak ikusten dira beti artistaren estiloari eta filosofiari fidel.

Sarreran, handitasun asmoa duten maketa moduko eskultura txiki batzuekin egiten da topo. Artistaren errealitatera leiho bat irekitzen duten lehendabiziko eskulturek “Leihoa” izena dute, eta egunero mundua gure leiho edo ikuspegi itxitik ikusten dugula adierazten dute horiek. Eskulturekin batera, artistaren egunerokotasunera hurbiltzeko aukera eskaintzen duten koadernoak daude. Zigorrek berak azaldu du abstrakzioa egunerokotasunetik eta sinpletasunetik ateratzen dela, eta hori ulertzeko grafiko eta irudiz betetako orriak paratu dituzte.

Eskultura txiki horien artean “Ekilibrio” lana dago, eta Manex Goienetxe mendian eskalatzen ari zela zendu zenari eskainitako eskultura txiki horren anaia handia Iratiko kobazulo batean dago ezarria.

Akumulazioak erakusketan hainbat tokitan ikus daitezke. Egur zatiz osatutako eskultura horiek puntu zehatz bakar batean eusten diote orekari. Sarreran dagoen “Olerki” akumulazioa heldu den udan hiru metroko eskultura erraldoia bilakatuko da.

Akumulazioak «kaosaren ordenatzat» jotzen ditu artistak. «Desegina ulertzen ez dugun ordena da eta ulertzen dugunean ordena bilakatzen da», azaldu zuen. Eskultura horiek bere ordena eta toki zehatza aurkitu duten elementuez osatutako artelanak dira. Saioak diren marrazkiek osatzen dute akumulazioen gela, «lan eta bizio» moduan egindako margolan koloretsuak.

Akumulazioak ez ezik, txoriak ere Zigorren lan askotan ikus daitezke. «Txoriek nire lanean indar handia dute», azaldu zuen eskultoreak. Hegaztien ikuspegiak eskaintzen dituzten lanek osatzen dute erakusketaren zati handi bat. Erakustokiaren gela handiena pausatzeko mementoan txoriek hartzen duten gurutze forman oinarritutako lanek betetzen dute. Artelan horiek guztiak egur zati bakarretik atera dira, eta ez daude hainbat zatiz osatuak; izan ere, eskultoreak jatorri bakarrekoak izatea nahi izan baitu. Mistizismoz beteriko gela horretan, erlijioa ez, baina gurutzatzen den bizitzaren sinbolo diren txori-gurutzeekin batera, mundua, bizia eta sortzen ari den emakume baten forma tailatua agertzen dira.

Erlijiotik at dagoen mistizismotik espiritualtasunera daraman gela horretan dago Zigorren artelanik gogokoena. Gurutze-txori bat da, eta “Gurutzea I.a” du izena; artistarentzat harribitxi bat da. Artelan hori, beste hainbat bezala, bilduma pribatu baten parte da, eta erakusketa horretan ager dadin Bartzelonatik ekarri dute. Artista behin baino gehiagotan saiatu da erosten, baina jabeak ez du bueltan eman nahi izan.

“Dantza III.a” eskulturaren ondoan, hiruretarik gelarik «arinenean» zurarekin eta hitzekin jokatzen duen “Zuhaitza IV.a” dago. Zilindro baten forma du eta sareta baten itxura hartzen du. Horrekin, jelosia duena edo jeloskorra dena sareta bat bezalako kartzela batean bizi dela adierazi nahi izan du eskultoreak. Jeloskor dagoenak kanpoan ikusten dena ikusten du, baina kanpokoek ez dute bera ikusten.

Gaualdi poetikoa Zigorren inguruan

Angeluko Kultura Zerbitzuak martxoaren 7rako gaualdi poetikoa antolatu du eskultorearen eta haren lanaren inguruan. Poesia, musika eta antzerkia Zigorren lanen ohoretan elkartuko dituen gaualdia Barojako ukuiluetan izango da arratsaldeko sei eta erdietatik aurrera. Eskultorearekin batera, Txomin Heguy, Andoni Agirre eta Lucien Etchezarreta izango dira, antolatzaileek iragarritakoaren arabera. -


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Tres respuestas a seis citaciones
Jendartea
Sakanako etorkinek bat egin dute Bai Eskolak Euskalduntzeari! ekimenarekin
Jendartea
Tres muertos por gripe aviaria en Azerbaiyán
Euskal Herria
La Sala no suspende la vista a pesar de la urgente operación de un procesado
Euskal Herria
El PNV dice no entender la reflexión iniciada por EAen torno a Udalbilde
Ekonomia
Fallece en la localidad de Aritzala el tercer trabajador en el plazo de una semana
Mundua
Al-Sadr: «La guerra civil ya está aquí»
Mundua
Aun muerto, «Slobo» se toma cumplida venganza en Serbia
Euskal Herria
Agentes vascos tildan las citaciones de «agresión a todo un pueblo»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea