Joxe Mari Iriondo omenduko du Trikitixa Jaialdiak
DONOSTIA
Joxe Mari Iriondo kazetaria omenduko du EiTBk San Jose Eguneko Trikitixa Jaialdian. Datorren igandean 19.00etan Azpeitiko kiroldegian egingo den ekitaldira egungo trikitilari onentsuenak bilduko dira, «Hauspo txikiaren haizemaile izan denari» esker ona adierazi asmoz. Izaro Iraeta eta Imanol Artola gidari izango duen ikuskizuna telebistan emango dute aurrerago. «60ko hamarkadaren hasieran Loiolako Herri Irratian lanean hasi zenez geroztik, Joxe Mari Iriondok ahalegin izugarria egin du hiru esparrutan: kantagintzan, bertsogintzan eta trikitilaritzaren munduan. Garai hartan ordu asko eskaini zizkion, ia beti lanetik kanpo, punta-puntako trikitilariak zirenei eta ez zirenei grabazioak egiteari. Ilunabarrean deitzen zituen irrati estudioetara, euren musika lau haizeetara zabaltzeko aukera emanez», gogoratu zuten atzoko aurkezpenean. «Hastapen horietatik gaur arte trikitiaren animatzaile sutsua izan da Iriondo eta soinu txikiak izan duen bilakaerarekin bat egiten jakin du», gaineratu zuten.
Trikitilariak
Egindako lana goraipatu asmoz, omenaldia prestatu du EiTBk egungo trikitilari onentsuenekin, Iriondok ezagututako asko ez baitaude jada gure artean. Azpeitian izango dira, besteak beste, Laja eta Landakanda, Astiazaran anaiak eta Juan Mari Beltran, Agurtzane eta Jon Elustondo, Zabale-Larañaga-Berastegi hirukoa, Edurne Iturbe eta Oihana Irastortza, eta Joxean Goikoetxea eta Idoia Laburu. Segurako dantza txapelketako irabazleek, Jon Ander eta Edurne Azpitartek, erakustaldia egingo dute eta bost bideo emango dituzte pantailan: Iriondok Urtain, Joxean Tolosa, Basarri, Iñaki Perurena eta Sebastian Lizasori 1986an egindakoak.
|