GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Kultura 2006-03-14
Mende hasierako euskal iragarkiak, liburuan

DONOSTIA

“Ez merkeenak! bai onenak!” Fanderiako pentsuen iragarki moduan gerra ondoko lehen euskal irratsaioetan erabili zuten lelo publizitarioa aukeratu du Lander Garrok gerra aurreko “Argia” astekarian argitaratzen ziren euskal iragarkiei buruzko liburuaren izenburutzat.

«1921ean hasi zen ‘Argia’ astekaria Donostian kaleratzen, eta gerra etorri bitartean iraun zuen. Bittor Garitanonaindiak eta Gregorio Mugikak bultzatutako proiektua izan zen. Egunkari baten formatuarekin kaleratzen zuten, astekaria izanik ere, eta hor egin zituen euskarazko publizitateak lehen urratsak, gaztelaniaz ateratzen zen prentsa idatzian zertxobait egin bazen ere. Eta astekariaren etapa hori arakatu dut nik bertan dauden euskarazko iragarkien berri biltzeko», esan zuen egileak, Lander Garrok.

Alberdanian atera da liburua, Donostiako Euskara Patronatuaren laguntzarekin argitaratzen duten “Bertako” sailean.

Joxerra Gartziaren hitzaurrea darama liburuak. Bera izan da izenburua iradoki zuena ere. «Izenburutzat hartu dugun leloa gerra ondokoa da, baina jende askori belarrietara ezagun egingo zaiolako aukeratu genuen Joxerra Gartziak proposatu ondoren», jarraitu zuen Garrok.

Astekarian agertu ziren iragarkien bilduma egin du Lander Garrok liburuaren lehen zatian. «Bere horretan hartu jarri ditugu iragarkiak, inolako azalpenik gabe. Eta bigarren zatian astekariaren sail desberdinetako laginak jarri ditugu, garaiko euskarazko prentsa idatzia nolakoa zen ager dezaketenak. Gure ustean, bi zati horiek begiratzen dituen irakurleak ‘Argia’ri buruzko irudi nahikoa osatua lortuko du», jarraitu zuen liburuaren egileak.

Lehen zatiko iragarki horien artean dendek jarritakoak dira gehienak. Astekaria bera Donostian argitaratzen zutenez, hiriburu horretako dendak dira iragarkiak jartzen dituzten gehienak. «Oso bezero leialak izan zituen eta nik erakatu ditudan urte horietan beti denda bertsuak agertzen dira behin eta berriz. Bestalde, inguruko herrietatik baserritar asko bertaratzen zen erosketak egitera, eta baserriko produktuen iragarki dezente agertzen da. Iragarki batzuk besteak baino landuagoak dira eta tarteka mezu manipulatzaileak ere aurki daitezke; gaur egungo publizitatean egiten diren bezalakoak, alegia. Baina bakanak dira. Horien artean Zatarain dentistaren iragarkiak nabarmenduko nituzke. Hortz izugarri sanoak dituzten baserritarrak erabili zituen eta ‘nik bezelako ortzak nai ziñuzke’ leloa zeramaten iragarkiek. Gaur egungo publizitateak darabiltzan osagarriak ditu iragarki horrek», jarraitu zuen Garrok.

Euskaraz egindako publizitateari buruzko ezer gutxi argitaratu dute eta hutsune hori betetzera dator liburua. «Euskarazko publizitatea oso gutxi jorratu da gero ere. Horrek asko erakusten du gure hizkuntzaren egoeraz. Diruaren munduak erdalduna izaten jarraitzen du», esan zuen.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Tres respuestas a seis citaciones
Jendartea
Sakanako etorkinek bat egin dute Bai Eskolak Euskalduntzeari! ekimenarekin
Jendartea
Tres muertos por gripe aviaria en Azerbaiyán
Euskal Herria
La Sala no suspende la vista a pesar de la urgente operación de un procesado
Euskal Herria
El PNV dice no entender la reflexión iniciada por EAen torno a Udalbilde
Ekonomia
Fallece en la localidad de Aritzala el tercer trabajador en el plazo de una semana
Mundua
Al-Sadr: «La guerra civil ya está aquí»
Mundua
Aun muerto, «Slobo» se toma cumplida venganza en Serbia
Euskal Herria
Agentes vascos tildan las citaciones de «agresión a todo un pueblo»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea