GaraAzkenak - Paperezkoa - English Edition  |  Le Journal |  Dokumentuak
EUS | ES | FR | ENG
 » PAPEREZKOA
  -Aurkibidea
  - EuskalHerria
- Jendartea
- Ekonomia
- Iritzia
- Mundua
- Kultura
- Kirolak
 » AZKENORDUA
 » ENGLISH EDITION
 » DOSIERRAK
 » DOKUMENTUAK
 » IRUDITAN
 » HEMEROTEKA
 » Produktuak
Gara > Idatzia > Ekonomia 2006-03-14
Higiezinen merkatuko prezioak gertutik zaindu behar direla nabarmendu dute
Munduko herrialde boteretsuenetako banku zentralek higiezinen merkatuaren zainketa «estua» egitea beharrezkoa dela nabarmendu zuten atzo, Basilean. Dena dela, oraingoz «alarmarako» arrazoirik ez dagoela adierazi zuten, baita egungo diru politikak merkatuan jadanik eragina izan duela jakinarazi ere.

BASILEA

Munduko herrialde boteretsuenetako bankuek higiezinen merkatuko prezioen gorabeherak gertutik zaindu behar direla aitortu zuten atzo. «Oraingoz ez dago alarmarako arrazoirik, baina zainketa estua egitea beharrezkoa da», esan zuen Europako Banku Zentraleko presidente eta G-10eko ordezkari Jean-Claude Trichet-ek.

Adierazpen horiek Basilean egindako bilera baten ostean egin zituen Trichetek, Ordainketen Nazioarteko Bankuko egoitzan, hain zuzen ere. Bi hilabetean behin, G-10eko kideak leku horretan elkartzen dira munduko ekonomiaren egoera aztertzeko. Bilera horietan ondoko Estatuak egoten dira ordezkatuta: Alemania, Belgika, Kanada, Estatu Batuak, Estatu frantsesa, Herbehereak, Italia,Japonia, Britainia Handia, Suedia eta Suitza.

Trichetek atzo jakinarazi zuenez, finantza merkatu orokorrek mezua ulertu dute eta munduko banku zentralek aurrera eraman dituzten ekimenak oso ondo bereganatu dituzte. Nabarmendu zuen bankuen egungo diru politikak ­interes tipoen igoerak­ «eragin argia» izan duela higiezinen merkatuetako gorabeheretan. Alde horretatik, Japoniako Bankuaren azken mugimendua ekarri zuen gogora. Banku horrek kreditu erakundeei mailegatzen dien dirua murriztea erabaki zuen joan den martxoaren 9an.

Etxebizitzen prezioei buruz hitz egitean, zenbait Estatutan salneurrien igoera ikaragarria izan dela adierazi zuten bankuetako ordezkariek. Prezioen igoera nabarmena izan da Estatu espainolean eta frantsesean, Herbehereetan, Irlandan, Britainia Handian eta Estatu Batuetako lurralde batzuetan.

Bestalde, petrolioaren egungo prezioa munduko ekonomiaren hazkunderako beste arrisku bat izan daitekeela esan zuten. Trichetek azaldu zuen prezio horiek igoko balira, hazkundearentzako kaltegarria izango litzatekeela. Ondorioz, bigarren mailako eraginak sor litezkeela aurreratu zuten, hots, soldaten edota beste produktuen prezioen igoerak.


 
Inprimatu
...Albiste gehiago
Iritzia
Tres respuestas a seis citaciones
Jendartea
Sakanako etorkinek bat egin dute Bai Eskolak Euskalduntzeari! ekimenarekin
Jendartea
Tres muertos por gripe aviaria en Azerbaiyán
Euskal Herria
La Sala no suspende la vista a pesar de la urgente operación de un procesado
Euskal Herria
El PNV dice no entender la reflexión iniciada por EAen torno a Udalbilde
Ekonomia
Fallece en la localidad de Aritzala el tercer trabajador en el plazo de una semana
Mundua
Al-Sadr: «La guerra civil ya está aquí»
Mundua
Aun muerto, «Slobo» se toma cumplida venganza en Serbia
Euskal Herria
Agentes vascos tildan las citaciones de «agresión a todo un pueblo»
  CopyrightGara | Kontaktua | Norgara | Publizitatea