BOGOTA
Alvaro Uriberen aldeko alderdiek aise irabazi dituzte domekako Kolonbiako Parlamenturako hauteskundeak. Botoen %94,77ko zenbaketa eginda, presidenteari sostengua eman dioten hamar bat alderdiek Senatuko 102 jesarlekuetako 61 eskuratu dituzte eta Ordezkarien Ganberako 163etatik 88.Baliozko botoak aintzat hartuta, erabateko garaipena lortu dute, baina ikuspegia nabarmen aldatzen da abstentzioa eta baliorik gabeko botoak kontuan hartuta. Kolonbian abstentzio handia izatea ohikoa den arren, hauteskundeotan %60ekoa izan da, normalean baino handiagoa.
Baliorik gabeko botoen kopuru handia (ia %15) ere nabarmentzekoa da. 2003an egindako erreforma baten arabera, zerrenda itxiez gain, irekiak ere onartzen dira. Eredu bat edo bestea aurkeztea alderdi bakoitzaren esku dago, eta horrek nahasmena sortu du boto emaileen artean.
Kongresukideen kargu-hartzea uztailaren 20an egingo da. Horren aurretik, maiatzaren 28an, presidentzialak izango dira, eta domekako emaitzei begiratuta, Uribek irabaziko dituela ia segurutzat jo daiteke.
Uriberen gaineko erreferenduma
Nahiz eta domekakoak Parlamenturako hauteskundeak izan, Uriberen aldeko edo kontrako erreferendum bihurtu dira. Presidenteak alderdiei dei egin zien bere alde edo bere kontra agertzera, bere balizko bigarren agintaldia botere legegilearen traba barik bete ahal izateko. Horrela, hauteskunde kanpainan, Uriberen politika goraipatu edo gaitzetsi dute hautagaiek, kolonbiarrek jasaten dituzten arazo ugariei erreparatu beharrean. Presidentearen politikaren bi ardatzak, ELN eta FARC gerrilen kontrako borroka eta AEBekin Merkataritza Librerako Hitzarmena (TLC) eztabaidagai nagusiak izan dira. Uriberen aldekoek estrategia bi horiek sutsuki defendatzen dituzten bitartean, oposizioaren ustean, gerrilen kontrako borrokarekin ez dira emaitza onak lortzen ari, eta TLCak Kolonbiako ekonomia are gehiago suntsituko duelakoan daude.
Domekako emaitzek maiatzeko hauteskundeetan isla izango duten zalantzan jarri du hainbatek. Zenbaitek uste du eskuineko alderdiek orain erakutsi duten batasuna edozein unetan apur daitekeela, gai askotan ez dutelako bat egiten. Bestalde, oposizioko Alderdi Liberalak eta ezkerreko Polo Demokratiko Alternatiboak indarrak batuz gero, posible da bigarren itzulia behar izatea.
Gogoratzekoa da Uribe lege trikimailu batez baliatu dela bigarren agintaldirako hautagaitza aurkeztu ahal izateko. Konstituzioak agintaldi bakarrera mugatzen zuen presidentearen jarduna, baina hark araudia moldatu du bere nahia «legezko» bihurtzeko. Uriberen arerioak Horacio Serpa (liberala) eta Carlos Gaviria (ezkerrekoa) izango dira.