Bakea lortzearren Zapateroren «ekintza oro» babestuko duela esan du Villepinek
«Bakea guztiontzako itxaropena da», esan zuen atzo Estatu frantseseko gobernuburuak Euskal Herrian gatazka konpontzeko prozesuaz galdetu ziote-nean. Zapateroren Gobernuak ildo horretan bidera ditzakeen «ekintza guztiak» sostengatuko dituela ere esan zuen, baina «ETAren aurkako borrokan irmotasuna» dela nagusi nabarmendu zuen jarraian. Ohi bezala, «Estatu espainolaren subiranotasun kontuetan» ez dutela interferituko ere erantsi zuen.
MADRID
Estatu espainoleko gobernuburu Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Estatu frantseseko gobernuburu Dominique de Ville- pin ordubete inguruz bildu ziren atzo Moncloan, hain justu ETA euskal erakunde armatuaren «aurkako borroka» eta energiaren gaineko gaiez hitz egiteko. «Bakea guztiontzako itxaropena da», esan zuen Villepinek, ETArekin balizko prozesuaren gainean galdetu ziote-nean. Baina hori esatearekin bat, jarraian, «ETAren aurkako borrokan» irmotasunaren alde egin zuen behin eta berriz, eta bide horretan bi Estatuen lankidetza «eredugarria» dela adierazi eta hura goraipatu zuen. «Terrorismoaren aurkako borroka bi Estatuontzat lehentasuna da», adierazi zuen Dominique de Villepinek Zapatero presidente espainolarekin bildu eta gero egindako adirazpenetan. Ildo horretan, Estatu espainolaren eta frantsesaren arteko lankidetza goraipatu zuen, berau «eredugarria» dela nabarmenduta. Euskal Herrian ireki daitekeen konponbiderako prozesuari buruz galdetu ziote- nean, «bakea guztiontzako itxaropena da» esatera mugatu zen Villepin. «Espainiaren subiranotasunari dagokion kontu batean interferitzea ez da inondik inora Frantziaren kontua», gaineratu zuen jarraian Estatu frantseseko lehen ministroak, orain artean bezala Euskal Herriko gatazka politikoa Estatu espainolaren «barne arazoa» izango balitz bezala irudikatu nahian. «Biolentzia guztien aurkako borroka eztabaidaezina den posizioa» dela nabarmendu zuen gobernuburu frantsesak, eta bi Estatuek indarrak «batu» nahi dituztela gaineratu zuen. «Pirineoetako alde bakoitzean segurtasuna erregela izan dadin», adierazi zuen. Villepinek, helburu horretarako, «lankidetza harreman horietan bi Estatuen erabateko mobilizazioa» dagoela baieztatu zuen.
«Irmotasunezkoa» Kazetariek bakea lortzearen aukeren gainean galdetu ziotenean, Dominique de Villepinek «norabide horretan joan daitezkeen ekintza guztiekin bat egiten» duela esan zuen, baina behin eta berriz errepikatu zuen, hori «Espainiaren erabakia» dela, eta «ETAren aurkako borrokari dagokionez», posizioa «irmotasunezkoa» dela. «Terrorismoaren aurkako borrokan» bi Estatuen arteko lankidetza goraipatu zuen azkenik Villepinek, bai eta fruituak eman dituela nabarmendu ere.
ETAren «iraultza zerga» ikertzeko bi talde bateratu jarri dituzte martxan
GARA
PARIS Dominique de Villepin Estatu frantseseko gobernuburuak Madrilen atzo izan zuen bisitarekin bat eginez, Justizia Ministerio espainoletik igorritako informazio baten arabera, bi Estatuek ETAren aurka arituko diren polizien arteko bi talde berri ezarri dituzte martxan joan den hilabetetik hona. Iturri berberek aditzera eman zutenez, ETA erakunde armatuaren «iraultza zerga» eta finantzazio iturriak ikertzeko helburua dute horiek. Gobernu espainoleko iturri horien arabera, polizien arteko bi talde berriek 2004 urteaz geroztik polizia espainol eta frantsesen artean eratutako beste bi taldeei gehitu zaizkie. Izan ere, eta aipatzen dutenaren arabera, 2004an bi talde sortu zituzten lehenbizikoz, hain justu, 2003-2004ko ETAren «udako kanpaina» armatuaren arduradunak atxilotzeko helburuarekin. Polizia espainol eta frantsesen arteko lehen talde bateratua joan den otsailaren 23an eratu omen zen, «terrorismoko ekintzen» finantziazioa ikertzea helburu nagusitzat duena, Justizia Minis- terio espainoleko iturrien esanetan. Bigarren talde bateratua eratzeko, aldiz, Justizia Ministerio frantsesak joan den urtarrilaren 30ean eman omen zuen onespena, Estatu frantsesean irekitako ikerketa batzuen haritik. Bigarrena ETAren «iraultza zerga» ikertzeaz arduratuko omen da.
|