Eskaera «eremu mistoko» udaletan euskarazko izena ofizial egiteko
IRUÑEA
Administrazioan Euskaraz taldeak (AET) «eremu mistoko» hainbat udali euskarazko izena ofizial egiteko eskaera egin die. Iragan astean aurkeztu idatzian azaltzen du Abartzuza, Jaurrieta, Egues, Espartza, Etxarri, Ezkabarte, Itza, Jaitz, Ollaran, Oltza, Orontze, Otsagabia, Sartze, Txulapain, Zabaltza eta Ziritza euskarazko izenak ofizial izateko bidean jarriko liratekeela «udalek nahiko balute, gaztelaniazko izen ofizialekin batera».
«Eremu mistoko» beste hainbat herritan euskarazko izena ofiziala dela gogorarazten du, eta gainerakoetan ere hala izateko «garaia» dela esaten. Euskarazko izenak ofizial izendatzeko tramitea normalean udalek hasten dutela ere dio, eta horregatik eskatu die erantzukizuna beren gain har dezatela. «Ez dezala inork pentsa euskarari eta euskaldunoi dagokigun hizkuntz politika Nafarroako Gobernuaren kontua soilik denik. Ba- koitzak bere harea aletxo bat jarri behar du lan horretan», adierazi zuen, eta Euskarari Buruzko Foru Legea aipatu.
|