Etxeandiaren aurka epaiketa egin izana salatu du sendiak
Jose Miguel Etxeandia epaitu egin zuten ostiralean Auzitegi Nazional espainolean, eta haren senideek GARAri azaldu diote Larrabetzuko presoaren egoera fisiko eta psikologikoa ez zela egokiena halakorik egiteko. Besteren artean, aipatu dute eragin nabarmena izan duela Roberto Sainzen heriotzak, biak ere Aranjuezen baitzeuden giltzapetuta.
DONOSTIA
Iragan ostiralean Auzitegi Nazionalean epaiketa izan zuen Etxeandiak. Aurretik ere, defentsak epaiketa atzeratzeko eskatuta zeukan, bi argudiorekin: lehena, prozedura-hutsegite batengatik, presoaren abokatuari ez zitzaiolako garaiz iritsi epaiketaren berri eman behar zion jakinarazpena; eta bigarrena, Etxeandiaren egoera bera.Senitartekoek GARAri agertu diotenez, presoaren egoera fisiko eta psikologikoa ez zen egokiena epaiketa egiteko: «Egoera kaskarrean dago. Batetik, orain aste batzuk bertigo arazoak izaten hasi zen, eta mediku tratamenduan dago horri aurre egiteko; bestetik, azken hamar egun edo bi aste hauetan depresioak eta antsietateak jota dabil. Horregatik ere, medikazioa hartzen ari da. Depresio egoera horretan, gainera, eragin nabarmena izan du Roberto Sainzen heriotzak; Jose Miguel ere Aranjuezen dago preso, Roberto hildako kartzelan». Argudio horiek aurkeztu izanagatik, Alfonso Guevara epaileak «Jarrai-Haika-Segi auzia» epaitu zuen tribunalaren presidentea abokatuaren eskaera atzera bota eta epaiketa eguna mantendu zuen. «Hala ere, guk itxaropena geneukan ostiralean bertan, epaiketan, saioa atzeratzea onartuko zuela. Baina ez zen hala izan. Epaileak esan zuen ez zegoela horretarako arrazoirik, dena ondo zegoela eta Jose Miguel ere ondo ikusten zuela», azaldu zioten senideek egunkari honi. «Alabaina, guk, etxekook eta Jose Miguel ondo asko ezagutzen dugunok jakin badakigu ez dagoela ondo», nabarmendu zuten, eta honakoa erantsi:«Bera pasata zegoen epaiketa egunean, eta fiskalak zein eskaera egin zuen ere ez duela gogoratzen adierazi zigun ondoren». Fiskalak honako eskaria egin zuen Etxeandiaren aurka:11 urteko espetxe zigorra «talde armatuko kide izatea» leporatuta, eta 24 urtekoa «atentatua egiteko beharrezko laguntza ematea» egotzita. Defentsak, berriz, absoluzioa eskatu zuen. Ostiralean bertan, Larrabetzun elkarretaratzea egin zuten 80 lagunek epaiketa salatzeko.
Mexikotik kanporatuta Etxeandia 2003ko uztailean kanporatu zuten Mexikotik, eta agintari espainolen esku utzi. Hiru egun egin zituen Guardia Zibilaren esku atxilotuta, inkomunikatuta, eta torturatu zutela salatu zuen.
Orduan ere bere senideak kezkati ibili ziren, preso larrabetzuarra hepatitis C latz batek jota baitzebilen.
|