ORDIZIA
Oiangu Publikoa eta Bizirik plataformako kideek atzo jakinarazi zutenez, Ordiziako Udalak ingurune hori ustiatzeko sinatutako kontratua bertan behera uztea aholkatu du Arartekoak. Plataformako kideek azaldu zuten ustiapen kontzesioan «irregulartasun larriak» atzeman zituztela eta Arartekoarengana jo zutela. Horrek emandako erantzuna dela-eta Ordiziako Udalak izan duen jarrera salatu zuten: «Bertan esaten denari ez dio kasurik egin eta, gainera, Oiangu ustiatzeko baimenaren kontzesioaren aurka ez dela agertzen interpretatzen du. Arar- tekoak kontratua baliogabetzeko eskatzen du, kontzesioan dauden irregulartasunak direla-eta», ziurtatu zuten.
Era berean, plataformak gogorarazi zuen administrazioarekiko auzitegian auzi-eskea jarri zutela, eta prozesu hori oraindik zabalik dagoela.
Oianguko parkea«erabat publikoa» izatea nahi dutela azaldu zuten plataformako kideek, eta inguru horretara joaten den pertsona orok parkeaz doan goza dezala eskatzen dute. Parkean eraiki nahi dituzten golf-zelaia eta paint-ball gunea «gutxiengo pribilegiatu bati zuzenduak» izango direla uste dute, eta aldaketa horiek ingurumenean eragingo lituzketen kalteak ere aipatu dituzte.