Hezkuntzan iruzurrak irauten duela salatu du IAk
·Ikasleen eskubideen aldeko mobilizazioak antolatu dituzte apirilaren seirako, hiri eta herri guztietan
GASTEIZ
Ikasle Abertzaleak-en eta hezkuntza sistemak kaltetutako ikasleen ordezkariek agerraldia egin zuten atzo Gasteizko Legebiltzarraren aurrean, hezkuntza ereduek ez dutela euskalduntzen salatzeko eta euskal ikasleek jasaten duten iruzurrak, «gezurra dirudien arren», oraindik ere badirauela salatzeko. Ekintza Gasteizen eginda ere, argi utzi zuten aldarrikapena ez dela Araba, Bizkaira eta Gipuzkoara mugatzen, Nafarroan, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan ere egoera berdina edo okerragoa baita. «Gaur egun ezinezkoa da karrera bat bere osotasunean euskaraz egitea», salatu zuten.Hori dela-eta, bihartik ostirala bitartean ikastetxe guztietan sinadurak biltzeko mahaiak jarriko dituztela iragarri zuten. Era berean, apirilaren 6an ikasleen eskubideen alde egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzera dei egin zuten.
|